Herriko ikastetxe publikoetan hobetze lanak egiten ari dira udako oporrak probestuz

2018/07/13
Card image cap
Zuazola institutuan teilatua birgaitzeko lanak hasi berri dira eta Errekalde eskolan hezetasun arazoa ekiditeko isolatze lanak egiten ari dira ekainaren 1az geroztik

  Ez-ustean hartu dituzte Zuazola institutuko langileak teilatua konpontzeko lanek. Hartarako eskaera egina zuten baina esleituta zeudenaren jakinarazpena jaso aurretik, eraikuntza enpresako ordezkariak ikastetxean azaldu zitzaizkien. Izan ere, lanak, bi hilabetetan amaitzea aurreikusten da eta epeak betetzeko lehenbailehen hastea komeni da. Aldamioiak muntatzen hasi dira jada.

  Zuazola institutuko teilatuak itoginak aspalditik zituen. Baina aurtengo negu-udaberri euritsuak arazoa asko okertu du. Hezkuntza Sailak halako konponketetarako dirua bazuela aprobetxatuta eskaera egin eta onartu zen. Iparragirre eraikuntza enpresak egingo ditu Zuazola institutuko teilatua birgaitzeko lanok.  Ez dira ordea batxilergo institutuan une honetan egiten ari diren lan bakarrak, galdara eta berotze sistema aldatzeko lanak ere egiten ari baitira ekainaz geroztik.

  Errekalde herri eskolan eraikina hezetasunetik isolatu eta sotoa berregituratzeko lanak ekainaren 1ean hasi ziren. Aspaldikoa da baita ere Errekaldeko eskolak duen hezetasun arazoa, erreka bertan baitu. Eskolaren perimetro osoa hezetasunetik babesteko egitura isolatzaile berria eratzen ari dira. Ikastetxeko sotoko forjatu sanitarioa ere berrituko da; zorua isolatu eta hormigoitu da eta hainbat horma bota dira. Sotoan psikomotrizitate gela, gimnasioa, euri egunetarako 500 m2ko espazio zabala, biltegiak, komunak, garbitzaileen aldagelak eta garbiketa produktuak gordetzeko gunea prestatuko da.

  Eraikinaren egiturari eragiten dion hezetasun arazoa konpontzeko proiektua Izaskun Legaristi arkitektoak osatu zuen. Lanak, Artzamendi enpresa egiten ari da. Aldi berean, teilatua egokitzeko lanak ere egingo dira Errekalde eskolan. Bi lan garrantzitsu hauek aurrekontu handia dute, ia 400.000 euro. Hezkuntza Sailak %60a estaltzeko diru laguntza onartu zuen apirilean, 237.000 euro bideratuko ditu Urgain-Errekaldeko lanetara.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!