Herriko ikastetxe eta guraso elkarteei zuzendutako diru laguntzen deialdia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da estreinako aldiz

2016/01/27
Otsailaren 11an amaituko da eskaerak egiteko epea

  Herriko ikastetxe eta guraso elkarteei eskaintzen zaizkien diru laguntzak ez dira berriak. 2002ko iraileko Osoko Bilkuran diru laguntza hauek norgehiagoka prozedura bidez emateko ordenantza onartu zen. Ordutik, ikastetxe eta guraso elkarteek ikasturterako egitasmoak aurkezten dituzte eta horren araberako diru laguntza jasotzen dute, beti ere, diru-muga baten barruan. Hala, orain arte, diru laguntza eskaera kurtso hasieran tramitatu ohi zen eta urtarrila-otsaila inguruan aztertu eta erabakitzen zen. 

  Diru laguntza hauek ordea, ez dira Udalak ematen dituen bakarrak. Beste departamentuetan diru laguntzak eskatu eta emateko prozedurak bateratzen joan dira, besteak beste, deialdiak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuz. Udaleko euskara-hezkuntza departamentuak ere, banatzen dituen diru laguntza hauek egokitu ditu, esan bezala, deialdi iragarkia publiko eginez estreinako aldiz.

  Udalak, 2015-2016 ikasturtean herriko ikastetxeek eta bertako guraso elkarteek eskola jardueraz kanpo gauzatuko dituzten ekimenetarako 87.000 euroko diru partida dauka. Diru kopuru horren berri eta eskaeretarako epea zabaltzen dela iragarriko da Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bitartez. Eskaerak, oharra argitaratzen den momentutik aurkeztu ahal izango dira. Azken Tokiko Gobernu Batzarrean erabaki zenez, eskaerak egiteko epea, otsailaren 11an amaituko da.

  Udalak, herriko ikastetxeei eman ohi dizkien diru laguntza hauen banaketan, ikasle kopurua, eskola kirolean duten partaidetza edota hizkuntza normalkuntzarako errefortzu egitasmoak hartzen dira aintzakotzat, besteak beste. Guraso elkarteen kasuan berriz, gauzatuko den  ekintza programa.

Iturria: Oñati Irratia