Herriko etxebizitzen erabilera eta beharren azterlana aurkeztu da gaur

2017/09/22
Card image cap
Oñatiko etxebizitza parkearen eta alde zaharreko lokalen erabilera maila aztertu da etorkizuneko beharrak identifikatzeko

  Antzerako lanetan eskarmentua duen GISLAN enpresak 110 orriko txostena osatu du. Hiru atal nagusi jorratu dituzte, diagnostiko soziodemografikoa, etxebizitza parkearen azterketa eta herrigune historikoaren erradiogarafia. Dagoena eta etorkizuneko premiak aurreikusita, biak parez pare jarri dira, hurrengo urteetan izan daitekeen etxebizitza eta lokal eskaera maila kuantifikatzeko eta bereziki, udalaren etorkizuneko interbentzioetarako oinarri eta lehentasunak zehazteko.

  Azterketa herria bere osotasunean hartuta egin da. Horrek, auzoetako errealitate berezia ere ezagutzeko aukera eman du.
Oñatik dinamika demografiko propioa duela ondorioztatu dute teknikoek, ugalkortasun gaitasuna eta endogenotasuna ezaugarri hartuta. Etorkizunean biztanleria bolumena, oro har, egonkor mantendu edo pitin bat behera egitea aurre ikusten da, nahiz eta migrazio fluxuak bereganatzeko ahalmenaren arabera egoera hori aldatu daitekeen. Datorren hamarkada honetan jaiotzak gutxitzea aurreikusten da, ugalkortasun adinean dauden 15-29 urte bitartekoak aurreko belaunaldietakoak baino gutxiago direlako. Egun bestela bada ere, etorkizunean, Oñatiko zahartze tasa Gipuzkoakoaren bataz bestekoaren azpitik egotea aurre ikusten da.

  Etxebizitzei dagokienean,  IBIa oinarri hartuta udalak duen etxebizitza hutsen kopurua baino handiagoa azaltzen da ikerketan. Kasu honetan, azken urteetako ur kontsumoa hartu baitute oinarri eta ez erroldatzea, udalak egiten duen bezala. Gaur aurkeztu den lanaren arabera balizko etxebizitza hutsak 642 dira. Herrigune historikoko etxebizitzen ia % 20 hutsik leudeke ikerlan honen arabera. Hutsik dauden balizko etxebizitza horien tipologiari begiratuta, asko txikiak eta zaharrak dira, aspaldi eraikitakoak, eta berriak diren kasuetan, tamaina handikoak. Herrian alokairurako ohiturarik apenas dagoela ere azpimarratu dute azterlanaren egileek, Oñatin alokatutako etxebizitzak % 5 besterik ez baitira.

  Kasko historikoko lokal komertzial eta ostalaritzara zuzendutakoen azterketa konkretua ere egin du GISLAN enpresak eta kontzentraziorik handiena bertan gertatzen dela adierazi dute. Aipagarria da, kale eta gune horietan biltzen direla balizko etxebizitza huts gehienak.

  Udalak martxan jarri ditzaken etorkizuneko ekintza planetarako oinarri objektiboa da egindako azterlana. Etxebizitza eta lokal komertzialen zaharberritzeko, alokairua sustatzeko edota zerbitzuak planifikatzeko datu objektibo bilduma garrantzitsutzat jo da GISLAN enpresako teknikoek gaur aurkeztu dutena.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!