Herriko auzo altuetara elurra iritsi da goizean baina ez du aparteko arazorik sortu

2016/11/23
Card image cap
Eguraldi prebisioek diote elur kota igoaz joango dela arratsaldean zehar

  Udazkeneko lehen elur malutak jausi dira gaur Oñatin. Herri gunean elur bustia bota du eta Arantzazu aldean pitin bat zuritu du. Udana eta Araotzerako bidean ere elurra bota du baina ez du aparteko arazorik sortu, udaltzaingotik jakinarazi digutenez.

  Elurra 400 metro ingurura jaitsi daitekeela iragartzen denean sartzen da indarrean Oñatin elur protokoloa. Elur kota horrek esanahi du, Urtiagaindik gora zuritu egingo duela. Orduan, auzo eta baserri bideak nagusiki garbitzeko bitartekoak lanerako prestatzen dira. Oraingoan, halakorik ez da mugitu, elur kota, Gipuzkoako barnealdeko haranetan 600-800 metro inguru kokatu delako nahiz eta, elurra, beherago ere bota duen esan bezala. Ondorengo orduetarako gainera, elur maila igoaz joango dela diote adituek eta eguna amaitzerako, 1000-1w00 metrotan kokatzen dute Euskalmeteko prebisioek.

  Udazkena aurrera doa eta lehen elurteak botatzeko sasoia badatorrela ikusita, neguko plana zehazteko bilera antolatu da udaletxean. Bilera bihar goizean egingo da. Eguna aurretik finkatuta zegoen, baina kasualitatea, goialdeko auzoak pitin bat zuritu eta biharamunean egingo da. 2016-2017ko elur protokoloa zehazteko bileran, nekazaritza eta zerbitzuak arloko teknikariak eta udaltzain burua elkartuko dira. Elurrari aurre egiteko udalak dituen baliabide tekniko eta pertsonalak identifikatuko dira eta halako kasuetan, zer eta noiz mobilizatu zehaztuko da. Bide batez, eta bereziki asteburuetarako, zaintza edo guardia txandak finkatuko dira. 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!