Herriko 20 entitatek Euskaraldian parte hartzera animatzeko bideoa zabaldu dute sare sozialetan

2020/07/17
Euskaraldian parrte hartu nahi duten entitateek irailaren 27ra arteko epea dute izena emateko

  Euskaraldiaren bigarren edizioko berrikuntzarik nabarmenena ariguneak dira. Horiei buruzko xehetasunak emateko eta ariguneak sortzera animatzeko bideo bat zabaldu dute Euskaraldian parte hartzeko konpromisoa hartu duten Oñatiko 20 entitatek.

  Ariguneak euskaraz eroso aritzeko guneak dira. Ariguneetako kideek taldean egingo dute hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa. Batzuk ahobizi izango dira eta besteak belarriprest. Bideoarekin ariguneak zer diren azaldu eta entitateak izen-ematera animatu nahi dituzte. Izan ere, Covid-19a dela-eta, Euskaraldia antolatzeko osatu zen batzordeak eten egin behar izan zituen antolaketa-lanak; pandemiak eragotzi egin die aurreikusita zituzten hainbat ekintza egitea.

  Pandemiak gabezia handiak azaleratu ditu hainbat arlotan, baita euskarari dagokionez ere. Nolanahi ere, Euskaraldiko kideek azaldu dutenez, irakaspen batzuk ere utzi ditu krisiak. Pandemiak erakutsi digu zer garrantzitsua den ingurukoen zaintza. Jabetu gara komunitate bezala funtzionatuta gauza asko egiteko gai garela, eta badakigu krisiak aurrean jarri dizkigun erronka horiei guztiei hobeto erantzungo diegula euskaraz egiten badugu. Horregatik, entitate guztiak animatzen dituzte Ariguneak sortzera, eta irailaren 27a baino lehen izena ematera.

  Izena emateko, informazioa jasotzeko edo zalantzak argitzeko Euskaraldia Batzordearekin harremanetan jartzeko deia egin dute. Horretarako, onati@euskaraldia.eus posta helbidera mezua bidali behar da.

  Hauek dira azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo den Euskaraldian parte hartzeko konbita egin duten herriko entitateak: Urgaineko Zuazola eta Errekalde ikastetxeak, Elkar Hezi ikastetxea, Txantxiku ikastola, Eskola Kirola, MU Enpresagintza, Musika Eskola,  Fagor Industrial Koop. E., Ulma taldeko negozioak, Laboral Kutxa, Tatarraz patin elkartea, Abixaran, Aloña-Mendiko pilota eta futbol sailak, Ganbara eta Hots abesbatzak, Lagun Leku eta Pake Leku, eta Eltziako taldeak.

Iturria: Oñati Irratia