Herribusaren tarifa berriak gaur sartu dira indarrean

2018/09/24
Card image cap
Hiru tarifa bereizten dira erabiltzailearen adinaren arabera

  Herribusaren kontratu berria pasa den astelehenean indarrean sartu bazen ere, zerbitzua doan eman zen Mugikortasun Astearekin bat eginez. Gaur berriz, bidaia txartelak tarifa berrien arabera kobratzen hasi dira. Adinaren arabera, hiru tarifa bereizten dira: 5 urtera arteko haurrek doan dute, 5-18 urte artekoek gazte tarifa dute eta bidaiako 40 zentimo ordaindu behar dute eta 18 urtetik gorakoek euro bat ordaindu behar dute bidaiako. 10 bidaiako bonoak eskuragarri daude erabiltzaile guztientzat, eta horiek eskuratuta, % 50eko hobari edo bonifikazioa jasotzen da, hau da, bidaia, erdi prezioan irteten da, 20 edo 50 zentimotan, gazte edo nagusien tarifetan.

  Herribusaren kontratu berriak, herriguneko eta Arantzazuko zerbitzuak bat egin ditu eta ondorioz, tarifak ere, berdinak dira baterako zein besterako. Orain arte Arantzazuko autobus zerbitzuan bidaia txartelaren prezioa 70 zentimo zen erabiltzaile guztientzat baina aurrerantzean, aipatu hiru tramotako tarifak aplikatuko dira, eta bonoak ere erabili ahal izango dira.

  Gogoratu, 5 urtetik beherako haurrek doan dutela herriko autobus zerbitzuko bidaia txartela, baina beti ere, heldu batek lagunduta joan beharko dutela, eta pertsona nagusi horrek, gehienez, lau haur eraman ahal izango ditu bere kargura.

  Herriko autobus zerbitzuaren kontratu osotua Leintz Garraioak enpresak eskuratu du, lehen herri barrukoa soilik betetzen zuen eta Arantzazukoa Cuadrabus enpresaren esku zegoen. Pasa den astelehenetik, Herribus zerbitzua ibilgailu berri baten bidez eskaintzen da, atzo Arantzazura bueltaka ere ibili zena. Orain arte erabili dena berriz, erreserba moduan gorde du enpresak, badaezpada.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!