Herri galdeketa ekainaren 5era aurreratu du Erain Debagoienak

2016/05/05
Card image cap
Egun berean Debagoiena, Aramaio, Goierri, Azpeitia eta Ispasterren egingo dira herri galdeketak

  Ekainaren 26ko hauteskunde orokorretako kanpainak eragin du data aldaketa. Kanpaina, 10ean hasiko da eta honekin bat etorri ez dadin, eguna, astebetez aurreratzea erabaki du Erain Debagoienak. Gurean ez ezik, herri galdeketa ekainaren 12 eta 19rako iragarrita zuten beste herri eta eskualdetan ere, erabaki berbera hartu da. Xehetasunak, larunbatean Donostian egingo den agerraldian emango diren arren, Oñatiko taldea, hasi da jada lanak aurreratzen.

  Hilabeteko epean lan asko egin beharko da: jarraipen batzordea izendatu, egunean bertan nahiz aurrekoetan laguntzeko gertu dauden bolondresak topatu, herria girotzeko sentsibilizazio ekintza bereziak egin, bozka lekuak identifikatu, materiala gertatu eta guztia aurrera eramateko finantziazioa lotu, besteak beste.

  Galdeketa antolatzeko 6000 euro inguru beharko direla aurre ikusi du Erain Debagoienako Oñatiko taldeak. 10 euroko ekarpenak egiteko bono sistema bat asmatu dute baina dirua lortzeko beste bide batzuk aztertzen ari dira.
Era berean, eta bolondresak topatzeko, deialdi irekia antolatzen ari dira datorren asterako. Herri galdeketa gauzatzeko egin beharreko lanak azaldu eta bide batez, laguntzeko prest dauden herritarren zerrenda osatzeko bilera irekia egin asmo da. Hitzordua zehazteke dago baina Gaztelekuan egin ahal izatea eskatu da. Lekua eta ordua zehaztutakoan, hitzordua iragartzeko kartelak jarriko dira kalean eta tabernetan.

  Herri galdeketa babestuz, 1700 sinadura jaso dira Oñatin. Asteburu honetan bertan emango zaio amaiera sinadura biltze kanpainari, horiek egiaztatzera Bake epaitegira eramango baitira.

  Ekainaren 5ean egingo den herri galdeketan hauxe da egingo den galdera: nahi al duzu izan euskal estatu independiente bateko herritar? Herri galdeketan 16 urtetik gorako herritarrek parte hartu ahal izango dute. Partaidetza da hasieratik bereziki azpimarratu dena, alegia, emaitzaren gainetik, ahalik eta parte hartze handiena lortzea dela Erain Debagoienaren helburua.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!