Herri eguneko artisau azokan parte hartzeko izen ematea ireki da

2015/06/23
Artisau guztiei zuzendutako deialdi publikoa da

  Azken bi urteetan, parte hartzeko interesa zuten herriko artisauei, aurrez izena emateko bide hau zuzendu zitzaien. Oraingoan berriz, deialdi publikoa artisau guztiei, edozein herritakoak direla ere, luzatu zaie. Herritarrentzat, dena den, 8 leku gordeko dira, ohikoa denez.

  Geroz eta gehiago dira artisau lanak egiten dituztenak. Herri egunean unibertsitateko klaustroan jartzen den azoka erakusleiho ona da horientzat. Zenbait kasutan, halako lanetan dihardutela azaltzeko lehen agerraldia ere bada, bereziki oñatiarrentzat. Artisau berri horiei lehentasuna emango zaie, herrikoak izan ala ez. Baina urteetan aritu direnak ere ez dira baztertu nahi. Horregatik, urriaren 3an egingo den erakusketan parte hartzeko izen emate deialdia guztientzat zabaldu da. Interesa duenak uztailaren 20ra arteko epea dauka izena, Kultur Etxean emateko.

  Herri eguneko artisau azokan herritarren partaidetza segurtatze aldera, aurten ere 8 postu gordeko dira Oñatiko sortzaileentzat. Guztiak beteko ez balira ordea, kanpotik datozen parte-hartzaileei hutsuneak betetzeko aukera emango zaie.

  Lekua mugatua izaki, parte hartzeko irizpide batzuk zehaztu dira: azokari aniztasuna emateko, lan eta produktu ezberdinak eta originalak lantzen direla begiratuko da, egindako lanaren kalitatearekin batera, noski. Azokan bertan norbere lanaren erakustaldia egitea, hau da, lanaren burutze-prozesua bertatik bertara ikusi ahal izatea baloratu egingo da eta baita artisau ziurtagiria izatea ere. Aurreko urteetan parte hartu ez dutenei gainera, lehentasuna emango zaie.

  Izena ematearekin batera oinarrizko dokumentazioa aurkeztu behar da: Nortasun agiriaren fotokopia, kontakturako telefono zenbakia edo helbide elektronikoa, artisau ziurtagiria, edukiz gero eta egiten den lanari buruzko azalpen txosten laburra.

  Interesa dutenek, izena Kultur Etxean eman behar dute. Zuzenean, bertatik pasata edo posta elektronikoz. Kultur etxea, astelehenetik ostiralera 10.00etatik 13.00etara eta 17.00etatik 20.00etara irekitzen da. Helbide elektronikoa berriz, hauxe da: kultura.idazkaritza@onati.eus. Izena emateko azken eguna, uztailaren 20a izango da.
Abuztuko lehen astean jakinaraziko da nortzuk aukeratu diren.

Iturria: Oñati Irratia

Urriaren 3an egingo da artisau azoka