Herri Eguneko artisau azokan parte hartu nahi dutenentzat izena emateko epea zabaldu da

2019/07/01
Herriko artisauentzat 20 postu gordeko dira

  Artisau gehiagori aukera emate aldera, bakoitzaren lan eta erakuslekua mugatzea erabaki zuen antolakuntzak, 2016an. Eta hala, artisau bakoitzak mahai bakarra jarrita gehiagorentzat lekua egin zen. 30 artisauk parte hartu  dezakete gaur egun. Horietatik 20, herritarrak izatea nahi da. Baina herritarrek postu guztiak beteko ez badituzte kanpoko artisauei eskainiko dizkiete. Oñatiko nahiz kanpoko artisauei zuzenduta, gaur ireki da parte hartzeko izen-emate epea.

  Eskaerak baloratzeko hainbat irizpide finkatu dira: azokari aniztasuna emateko, lan eta produktu ezberdinak eta originalak lantzen direla begiratuko da, egindako lanaren kalitatearekin batera, noski. Azokan bertan norbere lanaren erakustaldia egitea, hau da, lanaren burutze-prozesua bertatik bertara ikusi ahal izatea baloratu egingo da eta baita artisau ziurtagiria izatea ere. Aurreko urteetan parte hartu ez dutenei gainera, lehentasuna emango zaie. Baina aldi berean, artisautza lanbide gisa hartu dutenen alde jokatuko da eta artisau ziurtagiria aurkeztea baloratuko da. Horregatik, izena ematearekin batera aurkeztu behar den oinarrizko dokumentazioan, artisau ziurtagiri hori presentatzea eskatzen da. Nortasun agiriaren fotokopia, kontakturako telefono zenbakia edo helbide elektronikoa eta egiten den lanari buruzko azalpen txosten laburra ere aurkeztu behar da. Interesa dutenek, eskaera udaletxean aurkeztu behar dute edo bertara bidali,  artisau azoka kontzeptua jarrita.

  Geroz eta gehiago dira artisau lanak egiten dituztenak. Herri egunean unibertsitateko klaustroan jartzen den azoka erakusleiho ona da horientzat. Zenbait kasutan, halako lanetan dihardutela azaltzeko lehen agerraldia ere bada, oñatiarrentzat. Artisau berri horiei lehentasuna emango zaie, herrikoak izan ala ez. Baina urteetan aritu direnak ere ez dira baztertu nahi. Interesa duenak uztailaren 12ra arteko epea dauka eskaera udaletxean aurkezteko. Erantzuna, uztailaren 22tik aurrera jakinaraziko zaie.

  Aurten, Herri eguna eta ondorioz aipatu artisauen azoka urriaren 5ean ospatuko da.

Iturria: Oñati Irratia