Herri Eguneko artisau azoka handituta, 30 artisauentzat lekua izango da aurten, 20 herrikoak

2016/06/27
Gaur zabaldu da parte hartzeko izen-emate epea

  Artisau gehiagori aukera emate aldera, bakoitzaren lan eta erakus-lekua mugatzea erabaki du antolakuntzak. Hala, orain arte, artisauek bina mahai bazituzten ere, aurrerantzean bakarra izango dute egiten dituzten lanak erakusteko. Era berean, herriko artisauei gordetako lekuak gehitzea erabaki da. Hala, urriren 1ean ospatuko den Herri Eguneko azokan 30 artisauk parte hartu ahal izango dute eta horietatik 20, herritarrak izango dira. Hauek postu guztiak beteko ez balituzkete kanpoko artisauei eskainiko litzaizkieke. Baina parte hartzeko interesa zenbatek duten ikusi behar da eta horretarako, gaur ireki da parte hartzeko izen-emate epea.

  Parte hartu ahal izateko irizpide batzuk zehaztu dira: azokari aniztasuna emateko, lan eta produktu ezberdinak eta originalak lantzen direla begiratuko da, egindako lanaren kalitatearekin batera, noski. Azokan bertan norbere lanaren erakustaldia egitea, hau da, lanaren burutze-prozesua bertatik bertara ikusi ahal izatea baloratu egingo da. Aurreko urteetan parte hartu ez dutenei gainera, lehentasuna emango zaie. Baina aldi berean, artisautza lanbide gisa hartu dutenen alde jokatu nahi da eta artisau ziurtagiria aurkeztea baloratuko da. Horregatik, izena ematearekin batera aurkeztu behar den oinarrizko dokumentazioan, artisau ziurtagiri hori presentatzea eskatzen da, hala izanez gero behintzat. Gainera, nortasun agiriaren fotokopia, kontakturako telefono zenbakia edo helbide elektronikoa eta egiten den lanari buruzko azalpen txosten laburra ere aurkeztu behar da.

  Interesa dutenek, izena kultur etxean eman behar dute. Zuzenean, bertatik pasata edo posta elektronikoz. Kultur etxea, astelehenetik ostiralera 10.00etatik 13.30tara eta 16.30tatik 20.00tara irekitzen da. Helbide elektronikoa berriz, hauxe da: kultura.idazkaritza@onati.eus

  Geroz eta gehiago dira artisau lanak egiten dituztenak. Herri egunean unibertsitateko klaustroan jartzen den azoka erakusleiho ona da horientzat. Zenbait kasutan, halako lanetan dihardutela azaltzeko lehen agerraldia ere bada, bereziki oñatiarrentzat. Artisau berri horiei lehentasuna emango zaie, herrikoak izan ala ez. Baina urteetan aritu direnak ere ez dira baztertu nahi. Interesa duenak uztailaren 11ra arteko epea dauka izena, kultur etxean emateko.
Aukeratzen direnei uztailaren 18tik aurrera jakinaraziko zaie.

Iturria: Oñati Irratia