Herri egunean taloen taberna kudeatzeko eta herri bazkaria zerbitzatzeko taldeak behar dira

2019/06/20
Udaleko Kultura departamentua San Migel eta Errosario jaiak antolatzen hasi da

  Herri egunean, taloen taberna kudeatzeko eta herri bazkaria zerbitzatzeko interesa duten taldeei, izena emateko deialdia luzatu die udalak. Herri Eguneko talo-tabernaren kudeaketa hartzen duen taldearen ardurakoa izango da tabernaren horniketa eta ustiaketa osoa. Lortutako irabaziak ondorioz, taldearentzat izango dira. Herri eguneko bazkaria zerbitzatzen dutenek, bestalde, aurrez, mahaiak atontzeko ardura ere hartu beharko dute. Horregatik, 13:00etarako kiroldegi aurrean egoteko konpromisoa eskatzen zaie. Taldearen partaide kopurua finkatzen du kultura departamentuak zabaldu duen oharrak, lanari behar bezala erantzun ahal izateko, 40 laguneko taldea izan beharko duela zehaztuz.

  Aipatu deialdietan parte hartzeko Kultur etxeko idazkaritzarekin harremanetan jarri behar da, honako bideak erabiliz: telefonoa, 943 780 353 zenbakira deituta edo posta elektronikoz, mezuak, kultura.idazkaritza@onati.eus helbidera bidaliz.
Eskaerak egiteko epea, uztailaren 5ean amaituko da.

  Aurretik, datorren asteartean bertan, San Migel eta Errosarixo jaixak antolatzeko bilera irekia egingo da Kultur etxean. Ekitaldi-ideia edo proposamenen bat duten herriko eragile guztiei jai batzordearen bilera honetara joateko gonbidapena egiten zaie. Datorren asteartean, hilaren 25ean izango da, esan bezala, arratsaldeko 18:30tan hasita.

Iturria: Oñati Irratia