Herri Egunean salmenta postua jarri asmo dutenek eskaera egin behar dute uztailaren 21era arte

2017/07/07
Unibertsitate-inguruko salmenta postuak ordenatzeko deialdi publikoa iaz egin zen lehen aldiz

  Herri Egunean, unibertsitate zaharraren inguruan, bereziki, unibertsitate eta institutu arteko pasabidean, ogia, euskal pastelak, pate eta bestelako jaki eta artisau produktuak saltzen dituzten postu ugari jartzen dira urtero. Postu horiek ordenatzeko eskaera egiteko epea finkatu eta deialdia egin zen. Horrela,  lekuaren esleipena modu bateratuan egitea ahalbidetzen da. Iazko esperientziari jarraituz, aurten ere, interesa duten saltzaileek eskaera egiteko epea zabaldu zen atzo. Hartarako azken eguna berriz, uztailaren 21a izango da.

  Unibertsitate inguruan jarriko diren salmenta postuak baimentzeko hainbat irizpide hartuko dira kontuan: salgaiek erregistro sanitarioa dutela, eskaera esplotazioaren titularrak egin behar du eta elikagaien maneiurako agiria izan behar du. Gainera, agiri fiskalak egunean izan behar ditu. Eskaera egiterakoan, nortasun agiriaren fotokopia eta kontakturako telefono zenbaki bat edo helbide elektroniko bat aurkeztu beharko da. Salmenta postuak 2 metrokoak izango dira gehienez, eta horiek muntatzeko material guztia saltzaileak berak ekarri beharko du, mahaiak barne.

  Irailaren 30ean ospatuko den Herri Egunean salmenta postua jarri nahi dutenek, eskaerak, kultur etxean aurkeztu behar dituzte, bertara joanda edo posta elektronikoz bidalita, honako helbide honetara: kultura.idazkaritza@onati.eus.  Eskaera egiten duten guztiei jakinaraziko zaie aukeratuak izan diren ala ez.

Iturria: Oñati Irratia