Herri Egunean salmenta postua jarri asmo dutenek eskaera egin behar dute irailaren 11ra arte

2019/07/15
Unibertsitate inguruko salmenta postuak ordenatzeko deialdi publikoa egiten da 2016tik

  Herri Egunean, unibertsitate zaharraren inguruan, unibertsitate eta institutu arteko pasabidean zehazki, ogia, euskal pastelak, pate eta bestelako jaki eta artisau produktuak saltzen dituzten postu ugari jartzen dira, urtero. 2016an postu horiek ordenatzeko eskaera egiteko epea finkatu zen. Horrela, lekuaren esleipena modu bateratuan egitea ahalbidetzen da.
Aurten ere, interesa duten saltzaileei zuzenduta eskaera egiteko epea zabaldu da gaur.  Hartarako azken eguna berriz, irailaren 11 izango da.

  Unibertsitate inguruan jarriko diren salmenta postuak baimentzeko eskaerarekin batera hainbat dokumentu aurkeztu behar dira: nortasun agiria edo identifikaziorako beste agiriren bat, osasun erregistroa, gizarte segurantzaren azken kuota, jarduera ekonomikoen zergan alta emanda dagoenaren ziurtagiria, janari erabiltzaile txartela, postuaren edota produktuen argazkiak eta kontakturako telefono zenbakia edo helbide elektronikoa.

  Salmenta postuak 2 metrokoak izango dira gehienez eta horiek muntatzeko material guztia saltzaileak berak ekarri beharko du, mahaiak barne. Urriaren 5ean ospatuko den Herri Egunean salmenta postua jarri nahi dutenek, eskaerak, udaletxean aurkeztu behar dituzte, modu presentzialean HAZ bulegoetan, edota telematikoki. Posta arruntez ere bidali daiteke. Batera edo bestera, kontzeptu moduan salmenta postua jarri behar da. Eskaera egiten duten guztiei jakinaraziko zaie aukeratuak izan diren ala ez. Izan ere, dagoen lekua baino saltzaile gehiagok eskatzen badute, zozketa egingo baita.

Iturria: Oñati Irratia