"Herri bat, hainbat jatorri" egitasmoa antolatu du Auzokok, Gaztetxearekin elkar lanean

2018/03/16
Card image cap
Oñatin bat egiten duten kultur eta jatorri aniztasuna ezagutarazi nahi da

  Herri bat, hainbat jatorri programaren helburua, Oñati osatzen dugun herritarron kultur eta jatorri aniztasuna aintzat hartu eta elkar ezagutzarako aletxoa jartzea da, beti ere, giro atsegin eta erakargarrian. Ekimenaren abiapuntua, Auzokok, iaz, Gaztetxean antolatu zuen afari irekia izan zen, afari pakistandarra. Afari hartan herritar talde bat batu zen Pakistango jakiak dastatu eta bertako kultura eta ohiturez gehiago ikasteko. Ekimenaren arrakasta ikusita, Auzokok eta Gaztetxeak elkarlanean jarraitzea erabaki zuten eta lau hilabeteetan herrialde desberdinetako lau afari antolatzeko konpromisoa hartu dute. Urrats berri bat ematea ere erabaki dute eta iazko esperientzia borobilduz, afariak egingo diren asteetan, protagonista izango diren herrialdeei buruzko aurkezpen-solasaldiak antolatuko dira. Horrela gastronomia ez ezik, kultura eta herrikideak sakonago ezagutzeko aukera izango da.

  Martxoan, Paraguai izango da ezagutuko den herrialdea. Datorren astelehenean Paraguairi buruzko solasaldia egingo da arratsaldeko 19:00tan hasita eta ostegunean berriz, Paraguiko afaria, 21:00tan. Biak, Antixeneko gaztetxean. Apirilean, Saharrar herrialdea izango da protagonista eta pareko formatua errepikatuko da, apirilaren 23an solasaldia eta 26an afaria. Maiatza Nepali eskainitakoa izango da eta ekaina Dominikar Errepublikari. Kasu hauetan, aurrerago zehaztuko dira solasaldi eta afaritarako egunak. Ekintza guztiak Antixenako Gaztetxean izango dira eta guztiz irekiak izango dira. Afariei dagokienez, momentuan bertan eman beharko da izena (40 pertsonentzat daude kalkulatuta) eta borondate truke izango dira.

  Sarritan bertan jaiotakook ez dugu ikusten auzoan edo herrian bizi diren lagunen kultura eta ohiturak ezagutzeak kohesio eta elkarbizitza osasuntsu baterako duen garrantzia, beti ere aberastu egiten bait gaitu. Horretan eragitea eta elkar gehiago ezagutzea da “Herri bat, hainbat jatorri” ekimenaren helburuetako bat, bestea, kanpotik etorritakoek aurkitzen dituzten zailtasunez jabetzea eta egiten duten esfortzua aitortzea.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!