Herri barruko erreketan arrantzatzen jarraitu ahal izango da

2015/05/26
Card image cap
Debekatzeko eskatuz, herritar baten idatzia atzera bota du udalak

  Herri barruko erreketan arrantza egiteak, haztegi funtzioa betetzea eragozten zuela eta ondorioz, erreka berpiztea zailtzen zuela adieraziz,  Oñatiko herri barruko erreka zatietan arrantza debekatzeko eskaera egin zuen herritar batek.

  Erabakia hartu aurretik, Gipuzkoan arrantza arautzeko eskumena duen Foru Aldundira jo zen informazio eske. Foru aginduaz arautzen da ibai arrantzaren aprobetxamendua  eta aurten, denboraldirako araudiak ez du Oñatiko herri barruko erreketan arrantza debekatzen, bai ordea, Arantzazu errekan, Olateko zentraletik Miruerreka presarainoko tartean.

  Erreka zaintzeko foru-zerbitzuan ere kontsulta zuzena egin zen eta bertatik jakinarazi zen, herri barruan bereziki umeek egiten duten arrantzak ez duela arrain populazioan eragin handirik. Ondorioz, aldundiko teknikoek ez dute beharrezkoa ikusten arrantza debekua ezartzea.

  Udaleko ingurumen batzordean aztertu zen gaia eta honen irizpena kontuan hartuz, Tokiko Gobernu Batzarrak baztertu egin du herri barruko errekatan arrantza debekatzeko eskaera. Horrek esanahi du, orain artean bezala, herriko erreka iskinetan, neska mutikoek arrantzan egiten jarraitu ahal izango dutela.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!