Hermansoloñaren egoitza berria Kale Zaharrean egongo da aurrerantzean

2017/05/02
Udalak Kale zaharreko 52an dagoen lokala alokatu du elkartasun taldearentzat

  Hermansoloña taldeak egiten duen lanari jarraipena eman asmoz, udalak, kale zaharreko 52an hutsik zegoen lokala alokatu eta taldearen esku jarri du. Bi urterako alokairu kontratua egin du udalak lokal jabeekin baina urtez urte luzatu ahal izango dena. Gaia pasa den asteko tokiko gobernu batzarrean azaldu eta onartu zen.

   Hermansoloña GKEak aurrerantzean erabiliko duen lokala, Castillonekua joko-areto edo sala de juegosa egon zenekoa da. 133 metro karratuko lokala da eta Hermansoloñako kideen hitzetan eurentzat aproposa. Dagoeneko lehenengo kaxak bertara eramaten hasi dira eta horretan jarraituko dute datozen asteetan, Bidebarrietako lokala ekaina bukaeran uztekotan baitira. Bitartean, Bidebarrietara hurbiltzen diren herritarrek eramandako materiala jasotzen eta Caritaserako edota beste elkartasun talde batzuentzako produktuak gertatzen jarraituko dute, baina berehalakoan bideratu ezin den materiala Kale Zaharrera eramango dute. Bide batez, Bidebarrietako lokalaren inguruan duten edukiontzi zuria Kale Zaharrera aldatzeko tramitazioa beteko dute dagokion eskaera Mankomunitateari eginez, aurrerantzean ere dena eskura izateko.

  Hermansoloñakoak pozik agertu dira udalak hartutako erabakiarekin, batetik, egiten duten lana errekonozitzen delako eta noski, lana horrekin jarraitzeko aukera ematen dielako Kale Zaharrean alokatu den lokalak. Esan bezala, Bidebarrietan ekainaren amaierara arte jarraituko dute eta uztailean jada, Kale Zaharreko 52an dagoen lokalera aldatuko dira behin betirako.
Bidebarrietako lokala udal artxibategiko materiala gordetzeko erabiliko du udalak aurrerantzean.

Iturria: Oñati Irratia

Kale Zaharrea eramateko materiala gertatzen