Hermansoloña elkartearen Bidebarrietako lokala arratsaldez bakarrik irekiko da aurrerantzean

2017/02/20

  Bidebarrieta kaleko 22an dagoen lokala erabiltzen du Hermansoloña elkarteak. Atean jarritako kartelak arratsaldez soilik zabaltzen dela adierazi arren, goizez ere ireki da orain arte; lanean ari ziren bitartean atea irekita izaten zuten eta materiala jasotzen zuten. Aurrerantzean ordea, arratsaldez bakarrik zabalduko dutela jakinarazi dute, astelehenetik ostegunera, 18:30etatik19:30etara. Hala ere, gogorarazi dute, lokaletik hurbil dagoen edukiontzi zuria erabilgarri, irekita dagoela egunero eta uneoro. Bertan arropa, oinetako eta bestelako ehunkiak sartu daitezke. Hermansoloña elkartekoak arduratzen dira aipatutako edukiontzia hustu eta materiala kudeatzen.

  Argentinarako bidalketak amaitutzat eman arren, Hermansoloña GKE-k herriko elkartasun talde ezberdinekin lanean jarraitzen du. Oñatiko Caritas da lokalean biltzen den materialaren lehenengo hartzailea baina bertako beharrak aseta, Arrasateko Caritasera ere eramaten da. Eta aldi berean, Sahara, Siria, Grezia eta errefuxiatuen beste kanpamendu batzuetara, nahiz herriko taldeek kudeatutako elkartasun proiektuetara ere bideratzen da materiala.

Iturria: Oñati Irratia

Lokal ataria