HAZILAN proiektuaren 7. edizioa irailean abiatuko du Mankomunitateak

2019/06/30
Langile kualifikatuak eta enpresak elkarrekin harremanetan jartzen dituen egitasmoa da HAZILAN

  Zabalik dago egitasmoan parte hartzeko izen-emate epea. HAZILAN proiektua unibertsitate ikasketak edo goi mailako heziketa zikloa duten, baina ikasketa esparru horretan lan esperientzia oso txikia edo batere ez duten, 20 eta 44 urte bitarteko debagoiendarrei zuzenduta dago. Helburua, kualifikatutako pertsona hauen laneratzea erraztea da beti ere, formatutako esparru horiekin harremana duten enpresa eta proiektutan.

  Programa bi fasetan gauzatzen da: lehenean, parte-hartzaileek 80 orduko prestakuntza jasotzen dute konpetentzia pertsonalak, profesionalak eta lan-merkatuan kokatzeko beharrezkoak diren baliabideak landuz; bigarren fasean, praktikak egiten dituzte eskualdeko enpresetan.

  Enpresek gazte kualifikatu horien potentzialtasuna ezagutzeko eta proiektu berriak garatzeko aukera paregabea izaten dute. Eskaintza beraz, norabide bikoitzean doa, batetik, debagoiendar kualifikatuak topatu nahi dira eta aldi berean, hauek praktiketan hartu nahi dituzten enpresa eta erakundeak.

  HAZILAN proiektuan parte hartzeko interesa izan dezaketenei zuzenduta, aurkezpen ekitaldia egingo da datorren astean Arrasaten. Ostegunean, uztailaren 4an izango da 10:00tan, Mankomunitatearen egoitzan, Arrasateko Nafarroa etorbideko 17an.

  HAZILAN egitasmoa, Debagoieneko 20-44 urte bitarteko kualifikatuei zuzenduta dago, goi-mailako heziketa zikloa edo unibertsitate ikasketak bukatuta izan baina ikasketa horiekin lotutako esperientzia esanguratsurik ez dutenei. Langabezian egotea ez da ezinbesteko baldintza izango, lana eta HAZILAN programan parte hartzea bateratu bait daitezke.

  Parte hartu nahi dutenek uztailaren 30era bitartean eman behar dute izena, eskaera orria www.debagoiena.eus web orritik deskargatu, bete eta dagokion dokumentazioarekin batera mankomunitateko egoitzan aurkeztuta.

  HAZILAN proiektuak Europako Gizarte Funtsaren finantzazioa du. Eskualdeko 75 gaztek parte hartu dute aurreko 6 edizioetan. 7.a, irailean hasiko da.

Iturria: Oñati Irratia