HAZILAN proiektuaren 4.edizioa urrian abiatuko du Mankomunitateak

2017/09/11
Langabetu kualifikatuak eta enpresak elkarrekin harremanetan jartzen dituen egitasmoa da HAZILAN

  Zabaldu egin da proiektuan parte hartu dezaketenen adin tartea eta laugarren deialdi hau Debagoieneko 20-44 urte bitarteko gazte langabetuei luzatu zaie, goi-mailako heziketa zikloa edo unibertsitate ikasketak bukatuta izan baina ikasketa horiekin lotutako esperientzia esanguratsurik ez duten langabetuei.

  HAZILAN proiektuak eskualdeko gazte kualifikatuen laneratzea erraztea du helburu; lehen fasean, parte-hartzaileek 80 orduko prestakuntza praktikoa jasotzen dute konpetentzia pertsonaletan, profesionaletan eta lan-bilaketarako trebetasunetan. Eta bigarren fasean, praktikak egiten dituzte eskualdeko enpresetan. Enpresek gazte kualifikatu horien potentzialtasuna ezagutzeko eta proiektu berriak garatzeko aukera paregabea izaten dute. Eskaintzak beraz bikoitza da, batetik, gazte kualifikatuak topatu nahi dira eta aldi berean, hauek praktiketan hartu nahi dituzten enpresa eta erakundeak.

  Proiektuari buruzko informazioa eman eta zalantzak argitzeko enpresa eta gazteei zuzendutako bi saio informatibo antolatu ditu Mankomunitateak ostiralerako, hilaren 15erako: enpresei zuzendutakoa 9:00tan hasiko da eta interesa duten langabetuei zuzendutako  berriz, 11:00tan. Bi saioak Mankomunitateak Arrasateko Nafarroa etorbidean duen egoitzan egingo dira.

  Parte hartu nahi duten gazteek irailaren 20a baino lehen eman behar dute izena, eskaera orria www.debagoiena.eus web orritik deskargatu, bete eta dagokion dokumentazioarekin batera Mankomunitateko egoitzan aurkeztuta. Praktiketan gazte kualifikatuak hartu nahi dituzten enpresa eta erakundeek irailaren 26ra arte egin dezakete eskaera. Interesatzen zaien langile perfila zehaztu beharko dute enpresek.

  Mankomunitateak iaz jarri zuen martxan HAZILAN proiektua. Lehen 3 ediziotan 43 gaztek hartu dute parte; 26 emakumezko eta 17 gizonezko. Praktikak amaituta 10etik 7k lanean jarraitzen dute praktikak egin zituzten enpresan bertan edo beste lantoki batean. 10etik 1ek ikasten jarraitzen du eta besteek lan bila. Proiektu honetan parte hartu dute Ulmak, Eroskik, Talleres AGAk, Dualiak, Ekitermikek eta eskualdeko udalek, besteak beste.

  HAZILAN proiektuari buruzko argibideetarako bi bide zehaztu dira: 943 793 090 Mankomunitateko telefono zenbakira deituta edo mezua hazilan@debagoiena.eus posta elektronikora bidaliz.

Iturria: Oñati Irratia