HAZ bulegoa eta hondakinen kuboak ordezkatzeko zerbitzua gaur ireki dira berriro

2020/05/13
Herritarren Arretarako Zerbitzura joateko aurrez txanda hartu behar da

  Tokiko administrazio publikoko aurrez aurreko zerbitzuak berriro irekitzeko plangintza zehaztu eta gauzatzen ari da Udala. Artxiboan online kontsultak bideratzen hasi ziren pasa den astean eta ezinbestekoa den kasuetan aurrez-aurrekoak hartzen hasi ziren astelehenean, beti ere, aurrez txanda posta elektronikoz eskatuta.

  Hainbat astetan itxita egon eta gero hilerria ere irekitzen hasi ziren astelehenean. Egun, 8:00tatik 19:30tara zabalik dago. Lurperatzeetan familiako hiru lagun egon ahal izango dira gehienez, azken asteotan bezala.

  Gaur goizean berriz, udaletxeko Herritarren Arretarako Zerbitzu bulegoa ireki da. Aurrez aurreko kontsultak erantzun eta tramiteak bideratzen hasi dira. Kasu honetan ere aurrez txanda hartu behar da. 010 doako telefonora deituta edo haz@onati.eus helbidera mezua bidalita zehaztuko da udaletxeko bulegora joateko hitzordua. HAZ bulegoko postuak manparez babestu dira, langile eta herritarren osasuna bermatzeko, eta herritarrei maskara jantzita joatea eskatzen zaie. HAZ bulegoak ohiko ordutegia beteko du, 7:30tatik 15:30ra, astelehenetik ostiralera.

  Hondakinen kubo apurtu edo galduak ordezkatzeko aurrez aurreko zerbitzua arratsaldean irekiko da. Ez da txandarik eskatu behar baina herritarra udaletxera sartzea saihestuko da, ahal den neurrian.

  Bidebarrieta kalean bulegoak dituen Gizarte Zerbitzu departamentua ere aurrez aurreko kontsultak hartzeko prestatzen ari da. Gizarte Zerbitzuetan ez da herritarrekiko zerbitzu etenik izan eta telematikoki ari dira kontsultak bideratzen, baina aurrez aurrekoak maiatzaren 25etik aurrera hartuko dituzte, gauzak ondo. Aurrez txanda eskatu beharko da 943 037 700 telefonora deituta edo ongizatea@onati.eus helbidera idatzita, eta gaiaren arabera, bakoitzari dagokion gizarte langilerekin emango zaio hitzordua. Herritarrak maskararekin joan beharko du.

Iturria: Oñati Irratia

HAZ bulegoa manparez hornitu da