Hauteskunde mahaitan egon beharko duten presidente, bokal eta ordezkoei jakinarazpenak banatzen ari dira

2016/05/30
Agiriak, udaltzainek eskura eramango dizkiete

  135 herritarrek jasoko dute ekainaren 26an hauteskunde mahaian egoteko deialdia. 45en kasuan, presidente edo bokal titular izateko izendatu direla jakinaraziko zaie eta gainontzekoei, hauen ordezko izateko. Alegia, titularrak ezintasunen bat baleuka hori ordezkatuko beharko dutela. Kasu honetan ere, postu bakoitzerako lehen eta bigarren ordezkoak izendatu dira.

  Legez, derrigorrezkoa da hauteskunde-mahaiko presidente edo bokal lanak betetzea. Badira ordea, hori ez betetzea justifikatu dezaketen hainbat kasu. Halakoren batean dagoenak, jakinarazpen orria jasota zazpi eguneko epea du alegazioak aurkezteko. Alegazio orria udaletxean presentatu daiteke baina  bertatik Hauteskunde Juntara bidaliko da, honen ardura baita onartu ala ez.

  Udaltzainak, gaur bertan hasi dira jakinarazpen agiriak banatzen. Jakinarazpenekin batera liburuxka bat ere emango zaie, hauteskundeak eta presidente eta bokalek bete beharreko lan eta arduren inguruko informazioarekin.
Udaltzainak etxera joaterakoan interesatua ez badago, berriro bueltatzen dira. Oso garrantzitsua baita izendapenak eskura eramatea interesatuak jaso duela ziurtatzeko.

  Gaur amaitzen da bestalde, ikusmen arazoak dituztenentzat botoa braillez eman ahal izateko eskaera egiteko epea. Eta gogoratu ekainaren 26an, botoa zuzenean dagokion mahaira eraman ezin duenak postaz eman dezakeela. Horretarako eskaera epea zabalik dago ekainaren 16ra arte. Datorren astelehenean bertan hasiko dira botoa postaz ematea eskatu dutenei dagokien dokumentazioa bidaltzen eta hori jasota eta gustuko hautagai zerrenda aukeratuta, astelehenean hasi ahal izango da baita ere, posta bidezko botoa ematen.

  Azken urteetan botoa ikastolan eman dutenek, bestalde, ekainaren 26an kiroldegira joan beharko dute. Txantxiku Ikastolan egin behar dituzten lanak tarteko, bertan jarri ohi diren 7 hauteskunde mahaiak, Zubikoa kiroldegian jarriko dira oraingoan.

Iturria: Oñati Irratia