Hauteskunde mahaitan egon beharko duten presidente, bokal eta ordezkoei, dagokien jakinarazpena banatzen ari dira

2015/11/23
Agiriak, udaltzainak eskura eramango dizkiete

  135 herritarrek jasoko dute abenduaren 20an hauteskunde-mahaian egoteko deialdia. 45-i presidente edo bokal titular izateko izendatu direla jakinaraziko zaie eta gainontzekoei, hauen ordezko izateko. Alegia, titularrak ezintasunen bat baleuka hori ordezkatuko beharko luketela. Kasu honetan ere, postu bakoitzerako lehen eta bigarren ordezkoak izendatu dira. Legez, derrigorrezkoa da hauteskunde-mahaiko presidente edo bokal lanak betetzea. Badira ordea, ez betetzea justifikatu dezaketen hainbat kasu. Halakoren batean dagoenak, jakinarazpen orria jasota zazpi eguneko epea du alegazioak aurkezteko. Alegazio orria udaletxean presentatu daiteke baina  bertatik Hauteskunde Juntara bidaliko da, honen ardura baita onartu ala ez.

  Udaltzainak, zapatuan  hasi ziren jakinarazpen agiriak banatzen. Udaltzainak etxera joaterakoan interesatua ez badago, berriro bueltatzen dira. Oso garrantzitsua baita izendapenak eskura eramatea, lehen esan bezala. Horrela, interesatuak jaso duela ziurtatzen baita.

  Abenduaren 20an, Espainiako Kongresua eta Senatua berritzeko hauteskundeak egingo dira. Bihar argitaratuko dira behin betiko hautagaitzak baina orain bost egun kaleratu ziren behin behineko zerrendetan herritar baten izena ikusi dugu; Senaturako, EH Bilduren hirugarren hautagaiaren ordezko, Maialen Urzelai Azpiazu oñatiarra agertzen da. Gaur amaitzen da bestalde, ikusmen arazoak dituztenentzat botoa braillez eman ahal izateko eskaera egiteko epea. Eta gogoratu abenduaren 20an, botoa dagokion mahaira eraman ezin duenak postaz eman dezakeela. Horretarako eskaera epea zabalik dago abenduaren 10a arte. Datorren astelehenean bertan hasiko dira botoa postaz ematea eskatu dutenei dagokien dokumentazioa bidaltzen eta hori jasota eta gustuko hautagai zerrenda aukeratuta, astelehenean bertan hasi ahal izango da baita ere, posta bidezko botoa ematen.

Iturria: Oñati Irratia