Haurren danborradak segida izan dezan antolakuntzan parte hartzeko deialdi berria egin da udaleko kultura departamentutik

2015/07/02
Oraingoa, L.H 3. maila amaitu duten haurren gurasoei luzatu zaie

  Lehen hezkuntzako 3. maila ikasi duten neska mutikoak izango lirateke haurren danborradan parte hartuko luketenak. Horregatik eta irailean haurren danborrada irten dadin, aurtengo ekitaldiaz arduratuko den batzordea eratzeko deialdia luzatu zaie hauen gurasoei.

  3. mailako haurren gurasoei propio luzatutako gonbidapenean, bereziki azpimarratuta daude aurtengo ekitaldia hitzak, gurasoei, konpromiso puntual hori eskatzen baitzaie. Aurretik egin zen deialdi orokorrean, maila horretako haur baten gurasoak izena eman zuen baina pertsona bakarrak ezin du halako ekitaldi baten antolakuntza osoa bere gain hartu. Horregatik, deialdi berria zabaltzea erabaki da, aurtengo danborradan zuzenki parte hartuko luketen neska mutikoen gurasoei zuzenduta. Aurreko deialdia egin zenean aipatu zenez, Jose de Azpiazu musika eskola parte hartzeko gertu dago musika arloa koordinatzeko baina antolakuntzaz arduratuko litzatekeen taldeak handiagoa beharko luke.

  Aurten, haurren danborradaren antolakuntzan parte hartzeko interesa luketen lagunekin bilera egingo da datorren asteartean, hilaren 7an. Kultur etxean izango da arratsaldeko 19.00etan hasita. Interesa dutenei, dena den, aldez aurretik, kultur etxeko idazkaritzatik pasatzea edo bertara mezua bidaltzea eskatzen zaie. Mezuak, kultura.idazkaritza@onati.eus helbidera bidali behar dira.

  Haurren danborradako antolakuntza taldeak, iaz utzi zion urteetan betetako ardurari. Udaletik, talde berri bat eratzeko deialdia egin den arren, ez da prest dagoen lagunik aurkeztu. Horregatik, bigarren deialdia, gurasoei zuzenean egin zaie. 


Iturria: Oñati Irratia

Haurren danborrada antolatzeko deialdi berria