Haurrei D bitaminaren osagarririk oraingoz ez zaiela eman behar jakinarazi da Debagoieneko Pediatria zerbitzutik

2020/04/03
Card image cap
Konfinamendu egoerak D bitamina hartu beharraren inguruko zalantzak sortu ditu

  Baina orokorrean, eta oraingoz, haurrek D bitaminaren osagarririk ez dutela behar jakinarazi da Debagoieneko ESItik.

  D bitamina garrantzitsua da kaltzioaren metabolismorako eta haurren hezur-osasun zuzenerako. D bitaminaren eskasiak luzaroan iraunez gero errakitismoa sor dezake. D bitamina lortzeko bide nagusia larruazala da, eguzki-izpien bidez sintetizatzen duena; ehuneko txikiagoan, elikaduragatik ere lortzen dugu.

  D bitaminaren sintesirako nahikoa dira eguzkipeko egonaldi laburrak, ohiko paseoetan egiten direnak, eguzki izpiak zuzenean jaso gabe ere. Garrantzitsua da jakitea gainera, D bitamina metatu egiten duela gorputzak. Hau da, neguan gutxi sintetizatzen bada ere, argi ordu gutxiago daudelako eta berokiak eta mahuka luzeko arropa erabiltzen direlako, udaberria eta uda iristerekin batera D bitaminaren gordailuak berreskuratu egiten direla.

  Egungo konfinamendu egoera kontuan hartuta, pentsa liteke beharrezkoa dela haurrei D bitaminaren osagarria ematea baina pediatrek diote  hori ez da nahitaezkoa. Izan ere, hilabete batez, akaso bi hilabetez, etxean egon behar badugu ere, haurrei eguzkipeko egonaldi osasuntsua kenduta, ez da beharrezkoa ikusten D bitaminaren osagarririk ematea, konfinamendu-denboraldi honetan erabiltzeko gordailu nahikoak izaten baitituzte. Haur bakoitzaren egoera eta beharra baloratu beharko litzatekeela diote Debagoieneko pediatria zerbitzutik. Horregatik, seme-alabari buruzko zalantzarik duen gurasoari haurraren pediatrari kontsultatzea aholkatzen da, inolako bitamina osagarririk ematen hasi aurretik.


Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!