Haur eta helduei zuzendutako lau kontzertuk osatzen dute XXXVIII. Musikegunak programazioa

2016/11/02
Card image cap
Oñati Abesbatzak azaroaren 27an kantatuko du 50. urteurreneko ospakizunen baitan

  Adin guztiak eta interes bereziko zaleak gogoan hartuta antolatu da aurtengo Musikegunak egitaraua. Musika klasikoa, arte mota ezberdinak uztartzen dituzten ikuskizun globalak nahiz haurrei egokitutakoak tartekatu dira, herriko artistak ahaztu gabe.

  Domekan, BAY TRIO ganbara taldearen emanaldia izango da Santa Ana aretoan. Brahms eta Guinovart artista garaikidearen lanak eskainiko dituzte, jatorri ezberdina izanagatik Donostian bat egin duten tronpa, biolin eta piano jotzaile hauek, BAY TRIO. Hilaren 13an, Misterioari dario ikuskizuna eskainiko da. Pello Ramirez eta Jon Goenagaren musika oinarriaren  gain, Andoni Salameroren olerkiak eta Josu Marotoren marrazkiak dira emanaldi intimista honen osagaiak. Iazko urrian abiatu zen egitasmo berezi hau Arantzazun dastatzeko aukera izan zen eta azaroko bigarren domekan Santa Ana aretoan eskainiko da. Hurrengo igandea berriz, publiko gaztetxoari eta familiei eskainitakoa izango da. Opera divertimento taldearen eskutik Txirula magikoarekin jolasean  ikuskizuna izango da. Oñatiko musika zikloak urteak daramatza publiko gaztea musika klasikora erakartzeko ahaleginean. Zentzu horretan, era ezberdinetako kontzertu didaktikoak antolatu dira. Oraingoan, gaztetxoak eta hain gazte izan gabe opera apenas ezagutzen duten entzuleak genero berezi honetara hurbiltzeko ikuskizun ezin aproposagoa da Txirula magikoarekin jolasean izenekoa. Haurrak gogoan, ikuskizuna arratsaldeko 17.00tan izango da eta sarreraren prezioa ere berezia, 3.50 euro. Oñatiko musika zikloa osatuz bestalde, azaroaren 27an Oñati Abesbatza eta Alaia Abesbatzaren emanaldia izango da. Oñati Abesbatzaren 50. urteurreneko ospakizunen baitan antolatu den kontzertua izango da. Horretarako, Alaia Abesbatza, ONCE erakundearen barruan sortu zen talde donostiarra gonbidatu dute.

  Publiko gaztetxoarentzat propio programatu den azaroaren 20ko emanaldia izan ezik, gainontzeko guztiak,  19.00tan hasiko dira eta denak, Santa Ana aretoan izango dira. Sarrerak, 6 eurotan, egunean bertan erosi ahal izango dira baina aurrez ere eskuragarri daude bibe.me web atarian. Udalak eta Foru Aldundiak elkarrekin antolatzen duten Musikegunak zikloak, 11.500 euroko aurrekontua du aurten.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!