Haur eta gazteei zuzendutako hainbat zerbitzuren lizitaziora aurkeztu den enpresa bakarraren plika ireki da eguerdian

2017/01/24
Ludoteka, udaleku irekiak eta haur eta nerabe etorkinen bertakotze programaren kudeaketa kontratatu nahi da

  Abenduaren 26an amaitu zen herriko haur eta gazteei zuzendutako hiru zerbitzuen lizitaziora aurkezteko epea. Eskaintza bakarra jaso zen, Txatxilipurdi elkartearena, eta gaur goizean, Arrasateko enpresak aurkeztu zuen A kartazal ireki da. Erantzukizuneko deklarazioari dagokion plika da eta enpresak legez ezarritako baldintzak betetzen dituela ziurtatzen duten dokumentuak jasotzen dira bertan. Dokumentazioa aztertuta, okerrik ez badago, astearen hondarrean, bigarren kartazala, proposatzen den zerbitzu txosten edo memoriari dagokiona irekiko da. Azkena berriz, eskaintza ekonomikoari dagokiona izango da.

  Haur eta gazteei zuzendutako ludoteka, udaleku irekiak eta haur eta nerabe etorkinen bertakotze programaren lizitaziorako Udalak finkatu duen oinarrizko aurrekontua, urteko, 130.900 euro da. Enpresaren eskaintza kontuan hartu dadin beraz, gehienezko prezio horren azpikoa izan beharko du. Baina diruaz gain, gutxieneko kalitatea duen memoria ere landu behar zen. Izan ere, kontratatzen den enpresak aipatu hiru zerbitzuen planifikazioa, komunikazioa eta ebaluazioa egin beharko du zuzeneko arreta eskaintzeko pertsonala jartzearekin batera. Ludotekan eta bertakotze programan bina teknikari jartzea eskatzen du Udalak. Horrezaz gain, udaleku irekietan koordinatzaile lanetan arituko diren bi langile izendatu beharko ditu eta udalarekin harremanetarako arduradun bat ere bai. Baldintza guzti horiek betetzen direla ziurtatu beharko du epaimahaiak lizitazio prozesu honetan.

  Jaso den proposamen bakarraren balorazioa ahalik eta azkarren egin nahi da urtarrilaren 7an bete baitzen zerbitzu hauen kudeaketarako zegoen kontratua. Hain justu ere, Txatxilipurdi elkartearekin udalak 2014an sinatu zuena. Hura, esleipen berria egin arte luzatu da.

Iturria: Oñati Irratia