Hasita daude San Prudentzioko autobus geltokia egokitzeko lanak.

2014/12/11
Aldundiak, autobusa eskatzeko sistema berritzailea jarriko du. Lanak urte amaierarako bukatzea espero da.

Gipuzkoako Foru Aldundia garrantzitsutzat jotzen ditu San Prudentzioko biribilgunean egiten ari diren lanak. Autobus geltoki erosoagoa eta seguruagoa egokitzen hasi dira. Horrela, orain arte zeuden arazo eta baldintza eskaxak nabarmen hobetuko dira.

San Prudentzioko autobus geltoki berria, Gurutze Gorrikoen aparkaleua eta bidegorriaren lurpeko pasabidearen arteko orubean egokitzen hasi dira. Geltoki bakarra izango da eta aurrerantzean autobus guztiak, norabide batekoek zein bestekoak bertan geratuko dira. Geltokiak 5 metroko zabalera izango du eta baita estalkia ere. Horrez gain, bidegorrira lotuko da, metro eta erdiko zabaleradun espaloiaren bidez. Led motako argiteria ere jarriko da bertan.

Ingurunean 40 bat autorentzako aparkalekua ere egingo da, eta 10 bat bizikleta uzteko aparkaleku estalia jarriko da. Dagoeneko hasita dauden egokitze lan hauek 100.000 euro inguruko aurrekontua dute. Horrela, Oñati-San Prudentzio autobus linea berezia martxan jarri zenetik geltoki egoki bat prestatzeko erabiltzaileek sarritan egin duten eskaera beteko da.

Baina San Prudentzioko geltoki berriak izango du beste nobedaderik, eskaera egiteko sistema berritzailea instalatuko baita. Autobus geltoki berriaren erabiltzaileek babesa eta segurtasuna ez ezik, autobusak geltokira sartuko direnaren ziurtasuna ere izango dute. Gaur egun ez baita hori guztiz bermatzen. Hori ziurtatzeko sistema berritzailea ezarriko baita.

Geltoki berrian, eskaerak egiteko poste bat jarriko du Aldundiak. Hala, erabiltzaileak postean bere Mugi edo Lurraldebus txartela jarrita zein autobus hartu nahi duen zehaztu ahal izango du. Autobus gidariak abisua jasoko du eta San Prudentzion bidaiariak hartu behar dituela jakingo du. Sistema berritzaile hau “Datik” enpresak garatuko du Lurraldebuseko zerbitzuetan. Une honetan ordea, autobusak ez daude sistema berrira egokituta. Beraz, sistema berritzaile hori ez da berehalakoan martxan jarriko. San Prudentzion autobus geltoki berri eta bakarra egokitzeko lanak hasita daude eta urte amaierarako bukatzea espero da.

Iturria: Oñati irratia