Hasi dira animaliak mendi larreetara eramaten

2021/05/04
Gaur ireki da larre aprobetxamenduagatiko tasa ordaintzeko borondatezko epea

  Ganadua Aloña aldera eramateko izena eman duten jabeei kobratu ohi zaie larreratze tasa. Horretarako, zenbat behor, behi, idisko eta ardi eraman behar dituzten zehazten dute udazkenean, hurrengo urterako larreratze baimena eskatzen dutenean. Txabolarik erabiliko duten ere jakinarazi behar da. Urtetik urtera gutxiago dira larreratze baimena eskatzen duten ganadu jabeak: 2019an 121 eskaera baimendu zituen foru aldundiak, iaz, 119 eta aurten berriz, 113. Ondorioz, tasaren kobrantzatik udal kutxara ere diru gutxiago sartzen da urtetik urtera. Aurten, udalak 8.076 euro batuko dira guztira eta orain bi urte 8.300 euro izan ziren.

  Gaur bertan ireki da larre aprobetxamenduagatik udal tasa ordaintzeko borondatezko epea. Kasu guztietan ordainketa banketxe bidez egiten da, baimena eskatzerakoan kontuaren zenbakia ematen baitute hazienda jabeek. Kargua ere gaur egiteko agindua eman da. Baina ordainketa batzuk itzuli ohi dira eta kasu honetan, ordainketa, udal bulegoetatik pasata egin beharko dute ganadu jabeek. Ekainaren 10ean amaituko da larreratze tasen ordainketa epea.

  Maiatzeko lehen egun hauetan hasi dira jada ganadua mendi larreetara igotzen. Baina artaldeen eta zezenen osasunarekin erlazionatuta ez da larreratze baimenik emango baldin eta albaitarien ziurtagiririk aurkezten ez bada; artaldeari hazteria edo sarnaren kontrako tratamendua egin zaionaren egiaztagiria presentatu behar da. Agiria albaitari batek sinatu behar du eta artaldea mendira bota baino aurreko hilabeteko epean egindakoa izan beharko da. Antzinatasun handiagoko ziurtagiririk ez da onartuko. Zezenen kasuan tricomonas bovina gaitzetik libre daudela adierazten duen agiria aurkeztu behar da larreratu aurretik.

  Udalak eta Aloabel elkarteak deituriko auzolanetan parte hartzen duten ganadu zaleei % 100eko hobaria aplikatuko zaie larreratze tasan. Dena den, tasa orain kobratuko zaie eta dagokionari dirua itzuliko zaio.

Iturria: Oñati Irratia