Oñatiko udala

Hasi dira anbulatorioko langileak Covid-19aren aurkako txertoa hartzen

2021/01/21
Card image cap
Komunitatean bizi diren adinekoen txertaketa ere aurrera doa Oñatin

  Halaxe jakinarazi digute osasun etxean, bertako lehen langileak txertatu dira. Sei dosietarako ematen duen txerto-botila zuten eta horiek goizeko lehen orduan jarri dizkiete lankideei. Hartarako formatu diren anbulatorioko hiru erizain ari dira herritarrak txertatzen. San Martin egoitzan izan ziren lehenik, eta baita Bidaurreta eta Agustinoetan ere. Komunitatean bizi diren zentroetako lagunak baitira, adinekoen egoitzetakoekin batera, txertoa hartzeko lehen fasean sartzen direna. Baina  ez bakarrik komunitateko adinekoak baizik eta eurekin harreman zuzena duten langileak ere bai. Guztiei, txertoa hartzeko aukera eman zaie.

  Biharko zereginen artean Arantzazu, Santa Ana eta Benediktinen komunitateetara joatea jasota dauka anbulatorioko erizain taldeak, baina beteko duten erabat ziurtatu gabe dago, Arrasatetik zenbat dosi etorriko diren ez baitzaie jakinarazi oraindik. Nahikoak badira, biharko txertoekin, Oñatin dauden komunitate etxe guztietako bizilagunak Covidaren kontra txertatuta egongo dira, bai behintzat lehen dosia jarrita, eta horren arabera, hiru hastera, bigarren eta azkena den dosia jarriko zaie.

  Anbulatorioan diharduten osasun profesional eta langileen txertaketa osatuta, hurrengo giza-taldea txertatzen hasteko moduan izango dira Oñatin. Printzipioz, menpekotasun handia duten pertsonak izango dira, baina hori nola egin finkatzeke dago oraindik. Covid-19aren kontra jartzen ari diren txertoaren disoluzioa eginda ezin omen da garraiatu eta ondorioz, zaila da menpekotasuna duten pertsonak etxean txertatzea. Non eta nola egin zehaztu behar dute osasun arduradunek eta hori jakin bezain pronto, menpekotasun handia duten herritarrei jakinaraziko diete, txertoa jarri nahi duten galdetzearekin batera.

  Anbulatorioko hiru erizain ari dira gurean Covid-19aren aurkako txertoa jartzeaz arduratzen, esan bezala. Lanak banatuta dituzte: batek nahikoa konplexua ei den txerto dosiak kargatzen ditu, besteak txertoa jartzen du eta hirugarrenak bakuna hartu duenaren datuak ordenagailuan sartzen ditu, zein bakuna eta dosi jartzen den egoki dokumentatuta geratu dadin.   
 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!