Harrera ona izan du Erorikoak prebenitzeko antolatu den tailerrak, 23 lagunek eman dute izena

2019/06/03
Card image cap
Gaur egin den lehen saioa etzi osatuko da

  Hainbat erakundek bat egin dute erorketen prebentziorako tailer honen antolakuntzan: Udaleko Gizarte-zerbitzuak eta Kirol departamentuak, anbulatorioa eta Eusko Jaurlaritzako Osasun saila eta herriko farmazia-ortopedia bat. Erorikoak osasun arazo garrantzitsuen eragile dira adinekoen artean. Datu epidemiologikoen arabera, 64 urtetik gorakoen erdiak, gutxienez urtean behin erortzen dira  eta ondorio fisikoak ez ezik, psikologiko eta sozioekonomikoak ere izaten dituzte. Horregatik, erorikoak prebenitzeko tailer hau 64 urtetik gorako pertsonei eta euren senide edota zaintzaileei zuzendu zaie bereziki. 23 lagunek eman dute izena anbulatorioan eta eurei zuzenduta, ordu eta erdiko bi saio teoriko-praktiko egingo dira gaur eta asteazkenean, Bidebarrieta kaleko Euskaldun berria aretoan. 

  Saio hauetan hainbat gai azalduko dira: erorikoak zergatik gertatzen diren eta zer egin daitekeen aurre hartu edo prebenitzeko; zer garrantzitsuak diren, honetan ere, ohitura osasungarriak izan eta ariketa fisikoa egitea; edota nolako laguntza teknikoak dauden eskuragarri, telelaguntza esaterako. Tailer teoriko-praktikoa da, esan bezala. Beraz, ariketa batzuk ikasi eta praktikatzeko aukera ere izango da, nola erori, adibidez, ahalik eta min gutxien hartzeko edota erori ezkero, nola jaiki.

  Erorikoak prebenitzeko tailerra, arratsaldeko 17:00tatik 18:30tara egin da gaur, eta etzi, eguaztenean, ordu tarte berean egingo den bigarren saioaz osatuko da. 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!