Harreragile lanpostua betetzeko lan poltsa eratuko du udalak

2018/02/21
Izen-ematea zabalik dago martxoaren 6ra arte

  Udaleko eraikinetan harreragile lanpostuetan sortu litezkeen behin behineko beharrei aurre egiteko lan poltsa eratzea erabaki da. Oposizio faseko ariketa teoriko eta bakarra gainditzen dituzten hautagaien zerrenda oinarri hartuta osatuko da lan poltsa. Lehiaketa fasea ere izango da eta hautagaiek egiaztatutako lan eskarmentua eta formazio osagarria baloratuko da. Hautaketa prozesu osoan lortutako puntuazioaren arabera zehaztuko da hautagaien lehentasun ordena lan poltsan.  

  Oinarrizko bi baldintza bete behar dira harreragile lan poltsara aurkezteko: derrigorrezko bigarren hezkuntzako titulazioa izan behar da eta euskarari dagokionean, 3. hizkuntza eskakizunaren mailako ezagutza. Interesatuek, dagoeneko izena eman dezakete. Horretarako epea martxoaren 6an, 14:00tan itxiko da.

  Hautagaiek azterketa teoriko bakarra gainditu beharko dute, lehen esan bezala. Proba, deialdiarekin batera argitaratu den gaitegiaren ingurukoa izango da.

  Harreragile lanpostua betetzen duenak hainbat eginkizun izango ditu: herritarrei harrera ematea, bai lehiatilan edota telefonoz; instalazioen inguruko eta bertan ematen diren zerbitzuen inguruko informazioa eman; instalazioen sarrera eta irteerak kontrolatu eta instalazioak ireki eta itxi; eta instalazioan erabiltzen diren baliabide materialen zaintza eta erregistroan laguntzea, besteak beste.

Iturria: Oñati Irratia