"Harittu" prozesua aurkeztu eta EH Bilgunea lokal berria ireki zuen EH Bilduk larunbatean

2018/04/23
Card image cap
EH Bilduko komunitatea osatu eta sendotzea eta Oñatirentzat etorkizuneko prespektiba zehaztera dator Harittu egitasmoa

  Herri batzarrean parte hartzera hubildu ziren dozenaka herritarri aurkeztu zitzaien Harittu prozesuaren nondik norakoa zapatu goizean. Hausnarketa eta ekintza batasuna sustatu nahi duen prozesua da eta koalizioa bera irekiagoa eta parte hartzaileagoa bihurtzeko oinarriak berritzera datorren egitasmoa. EH Bildu pertsona guztien eskubide sozial, ekonomiko, politiko, kultural eta hizkuntzari lotutakoak bermatzeko tresna izatea nahi da eta helburu hori lortzearren, aktiboki parte hartu nahi duten herritarrei irekitako gune eta modu berriak eskaintzera datorren egitasmoa da Harittu. Koalizioak, pertsona eta sektore independenteak barnean hartzen dituen subjektu politikoa izatera igaro nahi duela adierazi zen larunbateko aurkezpenean.

  Harittuk 3 lan ildo nagusi izango ditu: lehenik, herritarrak erdigunean jarriko ditu, herritarrekin elkarrizketa zuzena izatea lehenetsiz; bigarrenik, aldaketan sakonduko da, egungo ereduak dituen gabeziez kontzientzia hartu, beste eredu batekiko konfiantza irabazi eta aldaketaren aldeko hautua eginez, eta hirugarrenik, alternatibaren eraikuntza. Zentzu horretan  lantzen ari diren esparruak laburbildu ziren: enpleguaren kalitatea eta aktibazio ekonomikoa; politika soziala; kalitatezko hezkuntza sistema inklusiboa; lurraldearen kudeaketa eredua; ondare naturalaren babesa; politika publikoak garatu ahal izateko nahikotasun ekonomikoa; lurralde oreka; trantsizio energetikoa; aniztasuna eta herritarren arteko berdintasuna, feminismoa; nazio nortasun ezaugarriak eta gazteria.

  Esparru horien jorratzeko hainbat lan talde antolatu dituzte. Ekaina bitartean herriko diagnostikoa egingo da, alorrez alor eta irailetik urte amaierara arte, Herriko plangintza osatuko da. Lan taldeen bilera horiek larunbat eguerdian zabaldu zen EH Bilgunea lokalean egingo dira. Lokal berria, Kale Barrian dago, Kiku goxoki-denda ondoan eta oraingoz, bilerak egiten diren egun eta ordutan irekiko da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!