Hamalau lagunek hasiko dute bihar Udalak antolatu duen aisialdiko begirale ikastaroa

2015/10/09
Card image cap
Eusko Jaurlaritzak homologatutako titulu ofiziala eskuratzeko ikastaroa Oñatin, bigarren urtez jarraian emango da

  Iaz bezala, Urtxintxa aisialdi eskolako teknikariek emango dute ikastaroa. Larunbatero izango da bihar hasi eta apirila amaierara arte, goizeko 9.00-14.00 eta 15.00-18.00. Horri, hiru asteburu osoko jarduna batu behar zaio. Guztira, 204 ordu teoriko beteko dira horrela. Titulua eskuratzeko ordea, 120 ordu praktiko ere bete beharko dira. Horiek, norberak topatu behar ditu eta urtarriletik aurrera gauzatzen hasi ahal izango dira.

  Eusko Jaurlaritzak emandako titulu homologatua eskuratzeko, ikastaro teorikoa, 120 orduko praktikak eta lanaren laburpen txostena osatu beharko dute ikasleek. Bi urteko epea dute guztia osatzeko, beraz, bihar hasten direnek  2017ko urrira arteko epea dute.

  Bigarren urtez jarraian antolatu du Udalak formazio ikastaro hau Oñatin, iazko arrakastak hartara bultzatuta. Iaz, 11 lagun aritu ziren eta guztiek oso giro onean burutu zuten ikastaro teorikoa. Orain, praktikak bete eta memoria txostena egin beharko dute. Lehen ikastaroan parte hartu zuten oñatiar guztiek Udalaren diru laguntza jaso dute; matrikularen % 75a itzuli zaie, alde teorikoaren aprobetxamendu egokia izan dutela ziurtatu ondoren. Hori baita ikastaro honek duen berezitasuna. 500 €ko matrikularen hiru laurdenak berreskuratzeko aukera ematen zaiela gutxienez % 90eko aprobetxamendua egiaztatzen duten herriko langabetu eta ikasleei. Gainontzekoei, matrikularen erdia itzultzen zaie, beti ere, aipatu aprobetxamendua egiaztatuta.

  Aisialdi begirale ikastaroa bihar hasiko duten 14 lagunak oñatiarrak dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!