Hamahiru lan batzorde izango ditu udalbatza berriak

2019/06/30
Card image cap
Bakoitzaren partaideak eta buruak izendatu ziren osteguneko Osoko Bilkura berezian

  Udalaren jardunerako oinarrizkoak diren hainbat funtzionamendu gai onartu ziren osteguneko osoko bilkuran. Orain arteko ohiturari jarraituz, plenoak hileko azken ostegunetan egitea adostu zen eta Tokiko Gobernu Batzarra ostegunero biltzea. Bestalde, hamahiru lan batzorde eratzea erabaki zen, aurreko agintaldian baino bat gehiago: Hirigintza; Zerbitzuak eta Landa garapena; Partaidetza; Pertsonala eta Barne Antolamendua; Kultura; Ogasuna; Kirolak; Haurrak eta Gazteria; Ingurumena; Ongizate Zerbitzuak; Euskara eta Hezkuntza; Sozioekonomia eta Berdintasuna izango dira hamahiru lan batzorde horiek.  Batzorde bakoitzean zein zinegotzi egongo diren eta batzorde buruak nortzuk izango diren ere erabaki zen.

  Hamahiru batzordeetatik hirutan Izaro Elorza alkatea izango da buru: Hirigintza, Pertsonal eta Barne Antolamendua eta Berdintasuna batzordeetan. Xabier Igartua berriz, Ogasuna eta kontuen batzorde berezian eta Sozioekonomia batzordeetan arituko da batzorde buru lanetan, eta gainontzeko zortzietan, beste zortzi zinegotzi izango dira batzordeburuak, beti ere, EH Bilduko kideak. Izan ere, Tokiko Gobernu Batzarra EH Bilduk kideek osatuko dute soilik; Izaro Elorza, Xabier Igartua, Anik Zubizarreta, Iñaki Olalde, Maite Anton eta Iker Oñate izango dira gobernu taldeko kideak.

  Ostebuneko Osoko Bilkuran erabaki ekonomikoak ere hartu ziren. Hala, talde politikoek hilean diru kopuru finko bat jasoko dute: 50,78  euro, eta bakoitzak duen zinegotzi kopuruaren araberako zati bat ere bai. Hau dena den, aldakorra izango da: 707 € batzordeburu bakoitzeko, 375 € batzordeburu ez den zinegotzi bakoitzeko, eta 160,82 €/hileko zinegotzi liberatu bakoitzeko. Alkatearen soldataren inguruan berriz, oraingoz aldaketarik ez egitea erabaki zen, hau da, aurreko alkatearen soldata maila mantentzea. Hurrengo Osoko bilkurara eramango omen da alkate eta beste zinegotzien soldaten doikuntza proposamena.

  Osoko bilkuretan bestalde, udal taldeek boto ponderatua izango dute aurrerantzean ere, alegia, EH Bilduk 10/17 eta 7/17.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!