Hamabi lagunek hasiko dute bihar udalak antolatu duen aisialdiko begirale ikastaroa.

2014/10/10
Card image cap
Oñatin lehen aldiz ematen da Eusko Jaurlaritzak homologatutako titulu ofiziala eskuratzeko ikastaro hau.

  URTXINTXA aisialdi eskolako teknikariek emango dute ikastaroa. Eta larunbatero izango da bihar hasi eta maiatza erdialdera arte, goizeko 9:00-14:00 eta 15:00-18:00. Horri, hiru asteburu osoko jarduna batu behar zaio. Guztira, 202 ordu teoriko beteko dira horrela. Titulua eskuratzeko ordea, 120 ordu praktiko ere bete beharko dira. Horiek, norberak topatu behar ditu eta urtarriletik aurrera gauzatzen hasi ahal izango dira.

  Udalak, eskatutako praktika orduak bere zerbitzuetan betetzeko aukera emango du: Txaloka ludotekan, bertakotze programan edo uztaileko udaleku irekietan. Interesatuek dagokien eskaera egin beharko dute.

  Eusko Jaurlaritzak emandako titulu homologatuta eskuratzeko, ikastaro teorikoa, 120 orduko praktikak eta lanaren laburpen txostena osatu beharko da. Ikasleek bi urteko epea dute alde teorikoa, praktikoa eta lana betetzeko, hau da, bihar hasten direnen kasuan, 2016ko urrira arteko epea dute.

  Lehen aldia da Udalak Oñatin horrelako formazio ikastaroa antolatzen duela. Ikastaroak, 12.700 euroko aurrekontua du eta ikasleek matrikulen bitartez kostuaren zati bat estaltzen badute ere, erdira ere ez da iristen. Kontu egin behar da gainera, ikastaroa amaituta eta titulua eskuratu eta gutxienez % 90eko aprobetxamendua egiaztatzen duten herriko ikasleei, matrikularen hiru laurdenak itzuliko dizkiela.

  Aisialdi begirale ikastaroa bihar hasiko duten 12 lagun horietatik 10 oñatiarrak dira. Besteak, bergararra eta bizkaitarra.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!