Oñatiko udala

Haizeak hainbat arbola eta Olabarrietako semaforoa apurtu ditu asteburuan

2021/02/22
Card image cap
Udaletxeko erlaitza ikuskatzen
Kalte materialak izan dira

  Hego haizeak gogor astindu ditu bazterrak asteburuan, ostiral eta larunbatean, bereziki. Garibai auzoan hainbat pinu bota zituen eta Olabarrietan berriz, autobus geltoki ondoko semaforoa apurtu zuen.

  Ostiral arratsaldean, 15:00ak inguruan, Koixkar-erako bidean bi pinu bota zituen. Zubillaga parkeko suhiltzaileek erretiratu zituzten. Hurrengo egunean berriz, Duruan baserrirako bidean beste bi pinu bota zituen haizeak. Udal brigadako langileak kendu zituzten. Beste hainbat lekutan ere adarrak puskatu ziren baina ez zen aparteko arazorik sortu ez errepidetan ezta trafikoan ere. Olabarrietan berriz, semaforoa apurtu zuen haizeak, autobus geltoki ondoko semaforoa. Apurtutako zatia lotu zuten udaltzainek eta konpontzera etortzeko abisua eman da. Kalte materialak izan dira baina ez du inork minik hartu.

  Herrigunera eta konkretuki plazara etorrita, udaletxeko teilatuko erlaitz zati bat jausi zen ostiralean. Kasu honetan ordea ez zen haizearen eraginez jausi, egurrezkoa den erlaitza ustelduta dagoelako baizik. Ostiralean bertan teilatua ikusten egon ziren udal brigadako langileak eta gaur berriz, jausitako erlaitz zatia neurtu dute, arotzari ordezkoa eskatzeko. Eguraldiak hobera egiten duenean, bihar seguruenera, teilatu buelta osoa ikuskatuko dute erlaitzaren egoera orokorra ezagutzeko. Lehen begiradan ez da arazo berezirik antzeman.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!