Haizeak eragindako kalteak konpondu eta garbitzen ari dira oraindik

2020/10/21
Card image cap
Arbolak, adarrak, seinaleak… apurtu ditu, teilak eta sabai zatiak eraman eta kanpandorreko erlojuko esfera mugitu du, besteak beste

  Atzo arratsalde eta gaueko haizete gogorrak eragindako kalteak ikusi eta konpontzen hasteko eguna da gaur. Udaltzainek eta suhiltzaileek lan ugari izan zuten atzo eta gaur ere, abisu ezberdinak erantzuten jarraitu dute goiz osoan zehar. Izan ere, hago haizeak indar handiz jo baitzuen hainbat orduz eta ondorioak begi bistan daude, oraindik ere.

  Tamaina handiko adar ugari eta zenbait arbola apurtu ditu haizeak; San Martin eta Santa Lutziako zuhaiztiak eta Lazarragako nahiz plaza ondoko lorategiak kaltetu ditu. Beste batzuk errepidera jausi eta oztopo izan dira: Azkoagain parean Arantzazurako bidean, Araotzerako bidean eta Zumeltzegi dorrerako bidean, besteak beste. Ibarrako skate parkera ere beste arbola bat jausi zen. Zuhaitz txiki bat berriz, argindar linea gainera jausi zen eta Olakua, San Lorentzo, Ugarkalde… argirik gabe geratu ziren. Herriko beste guneetan ere argia keinuka ibili zen zenbait orduz. Eta Olabarrietan, beste arbola bat propano biltegi baten gainera jaustekotan egon zen.

  Bide seinaleak, kaleak apaintzeko lorontziak, eraikinetako teila eta bestelako zatiak ere apurtu eta bota zituen haizeak. Hijos de Juan de Garay lantegiko sabaiaren zati bat hautsi eta eraman zuen. Kalteak ugari izan dira.

  Min hartu duenik ere izan da. Haizeak mugiarazi zuen parrokiako erlojuko esfera nola zegoen ikustera kanpandorrera igo zen herritar batek eskumuturra apurtu baitzuen, haizeak botata. Plaza aldera dagoen kanpandorreko esfera barrurantz jausten joan zen arratsaldean zehar, haizearen indarrak bultzatuta. Parrokia kontseiluko ordezkariak kalteak ikustera joan ziren eta haize bolada batek bota eta eskumuturra apurtu zuen bietako batek. Aipatu esferari eusten dion burdinazko ardatza guztiz okertuta geratu zen baina esfera ondo dago. Zorionez barrualdera jausi zen. Kanpandorrearen erdialdean dagoen makinaria ere ondo dago eta kanpaiek egoki jotzen jarraitu dute.

  Udalaren ardurapekoa da kanpandorreko erlojuaren mantentzea. Beraz, premia handiagoko lanak amaituta, esfera bere lekuan kokatzera joango dira udal brigadako langileak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!