Hainbat udal zerbitzuk ordutegia murriztu egingo dute abuztuan

2020/07/24
HAZ bulegoak, liburutegiak eta kiroldegiko nahiz Eltziako kirol instalazioek, ordutegia egokitu dute abuztuan

  Herritarren Arreta Zerbitzua 8:30tatik 14:00tara irekiko da abuztuan, astelehenetik ostiralera. Joan aurretik dena den, hitzordua hartu behar da, halabeharrez. Egungo osasun egoerak hala eraginda aldez aurretiko txandak emanda ari dira lanean udaletxeko HAZ bulegoan. Udal agiriren bat eskuratu edo tramiteren bat egin behar duen herritarrak, 010 doako zenbakira edo 943 780411 zenbakira deitu behar du telefonoz hitzordua eskatzeko. Datorren hilean joanez gero, 8:30tatik 14:00ak arteko tartean emango diote txanda, zerbitzuak ordutegi hori beteko baitu abuztuan.

  Herriko jarduna moteldu egiten da abuztuan. Urteko opor garai nagusia izan ohi da eta oporretan ez daudenek ere ordutegia moldatu edo egokitu egiten dute. Herritarren Arreta Zerbitzuan ere halaxe egitea erabaki du udalak. Irailetik aurrera, 7:30tatik 15:30ak arteko ohiko ordutegia izango du udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzuko bulegoak berriro.

  Apurtu edo galdutako hondakinen kuboak ordezkatzeko zerbitzua berriz, astelehen, astearte eta ostegunetan, 16:30tatik 20:30tara irekiko da udaletxean.

  Udal liburutegian ere ordutegi berezia izan ohi dute abuztuan. Zerbitzua astelehenetik ostiralera eta goizez soilik irekitzen da: 9:30tatik 13:30tara. Ordutegi horretatik kanpo dokumenturen bat itzuli nahi duenak kanpoko buzoian utzi dezake.

  Eta herriko kirol instalazioen ordutegia ez ezik, egutegia ere moldatu egingo da aurtengo abuztuan, Zubikoako berritze lanak direla eta. Abuztuko bigarren eta hirugarren asteetan kiroldegiko eta Eltziako kirol instalazioak itxi egingo dira oporretan, abuztuaren 8tik 23ra izango da. Eta lehenengo eta laugarren asteetan berriz, astelehenetik ostiralera irekiko dira soilik; zubikoa, 10:00tatik 20:00tara eta Eltziako gela 9:00tatik 13:30tara eta 15:00tara 19:30tara.


Iturria: Oñati Irratia