Hainbat udal ordenantza hasierako izaeraz edo behin betikoz onartzea proposatuko da arratsaldeko Osoko Bilkuran

2016/01/28
Card image cap
EPELEko hondakindegiaren inguruan EH Bilduk aurkeztutako mozioa ere eztabaidatuko da

  Gazteen aisialdirako lokalak arautzeko udal ordenantzaren aldaketa edota Zubikoa kiroldegian publizitatea jartzeagatiko tasa arautzekoa ordenantza behin betiko izaeraz onartzea proposatuko da arratsaldeko Osoko Bilkuran. Udalaren administrazio elektronikoaren zenbait alderdi arautzeko landu berri den ordenantza hasiera bateko izaeraz onartzea ere proposatuko da.

  17 gai jaso dira urtarrileko Udalbatzaren bilerarako. Aipatutako udal ordenantza horiezaz gain, San Martinaldea sektoreko urbanizazioa jasotzea edota 2016.urteko kultur programak eta proiektuak garatzeko eta kultur sormen lanak egiteko diru laguntzak emateko oinarri arautzaileak azalduko dira. Udal langileei dagokienean, 2012. urtean ordaindu ez zitzaien abenduko aparteko pagaren erdia berreskuratzea eta 2016. honetarako % 1eko soldata igoera aplikatzea proposatuko da bileran, besteak beste.

  Mozio idatzi bat ere jaso da lan zerrendan, Epeleko hondakindegiaren inguruan EH Bilduk osatu duena, hain zuzen ere. Epeleko hondakindegiaren balizko erabileraren inguruan hedabideetan zabaltzen ari diren berrien aurrean, EH Bilduk, egungo egoera eta erabilera soilik mantendu dadila proposatzen du mozio idatzian. Hau da, Gipuzkoa osoko errefusa Epelera ekarri gabe, bailarako industrien hondakin ez arriskutsuak, bailarako obretako hondakinak eta etxeetako obra txikietatik ateratzen diren eskonbroak isurtzeko hondakindegi gisa mantendu dadila proposatzen du. Dena den, 5 puntuko mozio idatzian, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioari gaiaren egoeraren inguruko informazio osoa ematea eskatzen zaio.

  Mozio idatzi hau eta beste 16 gai aztertuko dituen Osoko Bilkura 19.30tan hasiko da eta Oñati Irratiak zuzenean eskainiko du, ohikoa denez.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!