Hainbat kale eta plazetan tratamendu irrista-gaitza ematea erabaki zen osteguneko tokiko gobernu batzarrean.

2014/03/17
Card image cap
San Lorentzoko goieneko plazoletan ez labainketako tratamendu berezia egingo da. San Lorentzo auzoko 53, 54, 58 eta 60 zenbakien arteko plazan emango da aipatu tratamendu irrista-gaitza.

  Auzoko goieneko plaza horrek malda gutxi du eta ondorioz, euri ura bertan pilatuta geratzen da. Horrek, lokatza eta goroldio eta landaretza sortzea eragiten du, plazaren zorua irristakor eta arriskutsu bihurtuz. Harri txikiz osatutako zoladurak berak gainera zolda edo kostra sortarazten ditu arazoa larriagotuz.

  Plazaren azpian garajeak daude eta eusten duen forjatuaren egitura dela eta, makinarik sartzea ez da komeni. Guzti horrek, garbiketa-lanak zailtzen ditu.

  Arazoaren konponbide egokiena zoladura guztia altxatu, plazari malda handiagoa eman eta baldosa irrista-gaitzagoak jartzea litzateke. Baina hori ere ez da hain erraza, plazak erabilera publikoa duen arren jabetza pribatukoa baita.

  Baina arazoa era batera edo bestera konpondu behar da eta horretarako, herrian dagoeneko antzerako lanak egin izan dituen Murua S.L. enpresara jo zuen udalak. Honek, zorua, deskoipetzaile industriala erabiliz garbitzea eta zikinkeria erretiratuta baldosaren poroa irekitzeko tratamendua ematea proposatu du. Enpresak tratamenduaren 3 urteko bermea ematen du gainera. Udalak urtero mantentze-garbiketa bat eginez gero, zoladura irrista-gaitz luzaroan mantendu daitekeela espero da. Aipatu tratamenduak 17.500 euroko aurrekontua luke.

  Gaia, udaleko Ogasuna zein Zerbitzu Batzordeetan aztertu ondoren bien aldeko irizpenez osteguneko tokiko gobernu batzarrean eztabaidatu zen eta Murua S.L. enpresak proposatutako tratamendua egitea erabaki zen.

  Ez zen hori izan ordea, labaintzeko arazoak ekidite aldera hartu zen erabaki bakarra izan, Bidebarrieta kaleraren amaieran eta Olakua etxaldeko 7. zenbakiaren pareko espaloietan ere antzerako tratamenduak ere aplikatuko baitira.

  Bidebarrieta kaleko 26, 28, 30 eta 32 zenbakietako jabekideen eskaeraz, inguruan dagoen aterpeko espaloian, tratamendu irrista-gaitza emango da eta baita, Olakua auzoko 7. zenbakiaren inguruko espaloian ere. Udalak, halako tratamendu berezietarako diru partida dauka eta aipatu lanak, bertatik ordainduko dira.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!