Hainbat jolas parke hobetzeko lanak egiten ari dira.

2012/05/15
Errementari Plazako jolas guneko zorua aldatzen ari dira eta elementu berri bat jarriko da.

  Eguraldi ateriarekin batera hasi dira herriko jolas parke batzuetako zorua hobetzeko lanak. Errekalde Herri eskolakoa pasa den astean berritu zuten, atzo jada Errementari plazakoa aldatzen hasi ziren eta Olabarrieta auzokoan ere hobekuntza lanak egingo dira.

  Hiru jolas parkeetan, kautxuzko zoladura jarriko da, zorua bigunagoa izaki kolpeak leuntzeko. Errekalden eta Errementari plazan halakoak egon bazeuden baina oso zaharkituta. Gainera, azken urteetan berritzen joan diren segurtasun arau guztiak betetzen ez zituztela. Horretxegatik, bi jolas parke hauetako zoladura aldatzea erabaki zen. Apirila euritsuaren ondoren, eguraldiak atertzera jo duenean hasi dira zorua berritzeko lan hauek.

  Zizurkilgo Garra enpresa ari da parkeetako zoladura hobetzeko lanak egiten.

  Enpresa horrek berak egingo ditu baita ere Olabarrieta auzoko jolas lekua egokitzeko lanak. Olabarrietako parkea belardian muntatu zen. Euria egin ondoren edota haur asko dabiltzanean lokatzara sortzen da, gunea ez erabiltzeko moduan utziz.   Udalak, arazoa aztertu zuen eta aukera ezberdinen artean, lurra jaso, hormigoizko zorua egokitu eta hau kautxuzko zoladuraz estaltzea erabaki zen. Lur mugimendu lanak eta hormigonatze lanak Irazolak eta auzolanean egingo dituzte eta Kautxuzko zoladura berriz, aipatu Garra enpresak. Horrela, Olabarrietako haurrek eta bertako jolas parketa hurbiltzen direnek arazorik gabe ibiltzeko aukera izango dute.

  Errementari plazako jolas parkean berriz elementu berri bat jarriko da. Hartarako lekua badagoela kontutan hartuta,  “kabia” izeneko elementua jarriko da. Aukeratu den elementu berri hau integrazio jolasa dela esan daiteke, ezgaitasunen bat duten umeek ere erabili baitezakete.

  Haur parkeen zorua hobetu eta elementu berriak jartzeko lanek 38.000 euroko aurrekontua dute guztira.
Lan hauek, herriko haur parkeak berritu eta erabilgarri mantentzeko lanen baitan kokatu behar dira. Udalak, une honetan, aisialdi guneen azterketa egiten dihardu eta horren haritik, bi haur parke estaliko ditu euria egiten duenean ere erabiltzeko modua izan dadin. Zein parke estaliko diren oraindik erabakitzeko dago.