Hainbat aldaketa eginda, gazteen aisialdirako lokalak arautzeko udal ordenantza berrituari alegazioak aurkezteko epea urtarrilaren 18an amaituko da

2015/12/04
Card image cap
Dokumentua, udal bulegoetan ikusgai dago

  Pasa den asteko Osoko Bilkuran aho batez onartu zen gazteen aisialdirako lokalak arautzeko udal ordenantza aldatzea. Aurreko testuari zehaztapen batzuk egin zitzaizkion gaia argitze aldera, eta gazte lokaletan butano bonbonak edo antzerakorik ezin izango direla erabili erantsi zen. Aldaketak eginda, udal ordenantza hasiera bateko izaeraz onartu zen berriro, tramitazio berria abian jarriz.

  Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean atzo bertan argitaratu zen onarpenaren berri ematen duen iragarkia, alegazioetarako 30 eguneko epe berria irekiz.

  Gogoratu, udal ordenantza honetan, besteak beste, gazteen aisialdirako erabiltzen diren lokalek bete beharko dituzten oinarrizko baldintzak zehazten direla, bai higiene nahiz segurtasun aldetik bete beharrekoak. Lokalek, komuna eta ur hartunea izan beharko dute, argindar instalazioa egoki dagoenaren ziurtagiria eta hozkailua eta mikrouhin labea izatea onartuko bada ere, ezin izango da bertan sukaldatu. Pasa den astean onartutako eranskinaren arabera gainera, butano bonbona eta antzerakorik ezingo da erabili, lehen aipatu bezala. Aisialdirako gazte lokalen gutxieneko azalera edo lokal batetik bestera gorde beharko den gutxieneko distantzia ere mugatu eta zehazten da ordenantza berrituan. Zaratei dagokienean, 8.00etatik 23.00ak arte ezin izango da 40 dezibelio baino altuagoa izan eta 23.00etatik aurrera berriz, 30 dezibeliotara jaitsiko da zarata muga.

  Gazte lokalen ordenantzak  lokal jabe, erabiltzaile eta inguruko bizilagunen arteko elkarbizitzarako oinarrizko tresna izatea du helburu. Alde horretatik, diziplina araubidea jasotzen du, alegia, arazoren bat sortuko balitz jarraituko litzatekeen prozedura zehazten du. Bitartekaritza protokolo bat osatu da, elkarrizketa lehenetsiz. Disziplina prozedura ere zehaztu da eta arau hausteak eta ondorioz jarriko diren zigorrak ere zerrendatu dira. Arau hausteak arinak, larriak edo oso larriak izan daitezke eta isunak berriz, 100 eta 3000 euro artekoak.

  Gazteen aisialdirako lokalak arautzeko udal ordenantzan,  lokalen ezaugarriak, baldintzak eta bestelakoak jaso dira. Dokumentu osoa ikusgai dago udal bulegoetan eta norbaitek zuzenketaren bat egin nahi badu, horretarako aukera izango du urtarrilaren 18ra arte.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!