Guztia gertu dago domekako herri galdeketarako.

2016/06/03
Oñatin, ia 9500 lagunek dute kontsultan parte hartzeko aukera, herrian erroldatuta eta 16 urtetik gora duten guztiek.

Hiru bozka leku atondu dira Oñatin: Olakua 7, Lete etxetresna denda egon zenekoa, Errekalde 4, Urbia taberna zeneko lokala eta Unibertsitate etorbidea 3, hau da, Abadetxea.

Domekan, goizean goiz, boto kutxak, paperak eta boto-emaileak erregistratzeko ordenagailuak eramango dira eta 9.00tan jada ateak zabalduko dira herritarrek bozka dezaten. Bozka lekuak, arratsaldeko 8ak arte irekita egongo dira. Herrian erroldatuta dauden 16 urtetik gorako guztiek dute botoa emateko aukera, 9500 oñatiar inguruk. Botoa eman ahal izateko, nortasun agiria, DNIa aurkeztu beharko da eta Oñatiko helbidea agertu beharko da bertan. Bestela, errolda agiria ere aurkeztu beharko da, udaletxean eskatuta. Atzerritarrek ere botoa eman ahal izango dute, baldin eta Oñatin erroldatuta badaude.

Erain Debagoienak domekarako antolatu duen herri galdeketa ez da loteslea eta ez da ofiziala. Herri nahia ezagutu eta jasotzeko kontsulta da eta horrek, hainbat berezitasun ematen dizkio. Adibidez, bozka lekuetan ez da hautesle zerrendarik izango. Bakoitzak, botoa, nahi duen lokalera hurbilduta eman ahal izango du. Hori bai, bozka behin bakarrik ematen dela ziurtatzeko, elkarrekin konektatuta egongo diren ordenagailuak erabiliko dira boto emaileak erregistratzeko. Prozesuaren gardentasuna eta zilegitasuna bermatzeko, jarraipen, berme eta nazioarteko begirale batzorde ezberdinak osatu dira.

Gipuzkoako Batzar Nagusiek domekan egingo diren kontsultak babestu zituzten atzoko bileran. EAJren eta EH Bilduren botoekin onartu zuten Erabakitzeko eskubidea gauzatzea demokraziaren agerpen gorena dela dioen ebazpena: “Podemos-Ahal dugu” abstenitu egin zen eta PSE eta PP aurka agertu ziren.

Pasa den asteko Osoko Bilkuran ere, alkateak, herri galdeketan parte hartzera gonbidatu zituen oñatiarrak.

Carlos Urkijok, Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak, galdeketak egingo  diren herrietako alkateak ohartarazi ditu, antolaketan parte hartu ez dezaten eta baliabide publikoak halakoetan jar ez ditzaten, Udalek, baimenik gabeko herri kontsultetan ezin dutela lagundu argudiatuz. Berehala etorri da Gure Esku Dago ekimenaren erantzuna. Parte hartze prozesuan erakunde publikoek ez dutela parte hartuko gogoratu du herri mugimenduak.

Domekan, hauxe izango da herritarroi luzatuko zaigun galdera: nahi al duzu izan euskal estatu independente bateko herritar? Baiezkoa ala ezezkoa, garrantzitsuena, ahalik eta parte hartzerik handiena biltzea dela azpimarratu du behin eta berriz, “Erain Debagoiena” taldeak.

Oñatin bezala, Debagoienako gainontzeko herrietan, Aramaion, Goierrin, Azpeitian eta Ispasterren ere egingo dira herri galdeketak domekan. 34 herritan guztira.

Iturria: Oñati irratia