Gurutze Gorriak gaur banatuko dizkio Olentzerori herritarrengandik jasotako jostailuak

2016/12/22
Bazterkeria arriskuan dauden eskualdeko 95 familietako haurrek jostailu berriak izango dituzte Gabonetan

  Iaz baino jostailu gehiago banatuko ditu Debagoieneko Gurutze Gorriak gaur, iazko kanpainan ez baitziren Bergarako neska-mutikoak sartu. Eta eskualdean bazterkeria arriskuan dauden 95 familia horietako 191 haurrek jostailu bat baino gehiago izango dute, guztira 320 lote osatu ahal izan baitira.  Eskualdeak esku zabal erantzun du beste urte batez Gurutze Gorriak egindako deiari. Jaso denaren erdia jostailutan jaso da aurten eta beste erdia dirutan jaso zuten, bai jostailu txekeak salduta baita propio ireki zen kontu korrontean dirua sartuta ere. Batera edo bestera, diru hori jostailu gehiago erosteko erabili da.

  Gaur goizean Olentzero San Prudentzioko lokalean egon da eta jostailu gehienak hartu ditu jada.  Oñatikoak falta dira eta horiek arratsaldean, kanpainan laguntzen duen Oinaztu aisialdi taldekoen lokalean jasoko ditu.  Oñatin, 22 familietako 48 haurrentzako jostailuak jasoko ditu Olentzerok Oinaztu taldearen Eltziako lokalean. Horrela, ikazkinak dena gertu izango du zapatutik domekarako gauean dagokien etxeetara eramateko.

  Debagoienako Gurutze Gorriak beren eskubideak jokoan lemapean egin du jostailu bilketa, haurren garapenerako jostailuak ezinbesteko elementu direla jakinik. Helburua, Debagoienean, gizarte bazterkeria arriskuan dauden 0-15 urte bitarteko haur eta gaztetxoentzat jostailu berriak eskuratzea zen eta beste urte batez, helburua bete dela esan daiteke.

  Aurtengo erantzuna oso ona izan dela azpimarratuta, herritarren eta ekimenarekin bat egin duten enpresen eskuzabaltasuna eskertu nahi du San Prudentzioko Gurutze Gorriak. 

Iturria: Oñati Irratia