Gurutze Gorriak eskolako materiala banatu die Debagoienako 209 ikasleri

2020/09/08
Oñatiko 39 neska-mutikok jaso dute material berria

  Ikasturte hasiera gastu extra eskatzen duen urte sasoia da familientzat. Baina denek ez dute halakoei aurre egiteko nahikoa baliabide. Baliabide ekonomiko urria izateak seme-alaben hezkuntzan ahalik eta gutxien eragin dezan, Debagoienako Gurutze Gorriak eskolako materiala banatu du. Lehen eta Bigarren Hezkuntza egingo duten eta zaurgarritasun egoeran dauden 135 familiatako 209 haurrek jaso dute eskola-material hori.

  Banatu diren sorta guztiek motxila, pinturak, boligrafoak, gomak eta bestelakoak duen estutxe osotua eta koadernoak dituzte, beste artikulu batzuen artean. Sorta horiek prestatzeko, haurren adina eta ikasturtea hartu dira kontuan.
Eskola-material banaketa hau udalerrietako gizarte zerbitzuekin elkarlanean egin du Gurutze Gorriak. Aurten, laguntza eskatu duten familiak iaz baino %60 gehiago izan dira.

  Eskariak Deba Goienako udalerri guztietatik iritsi dira. Ugarienak, 96, Arrasatetik egin dira. Oñatiko 39 neska-mutikok ere material sorta bana eskuratu dute. Guztira, 209 izan dira Debagoienako Gurutze Gorriaren eskutik eskolako materiala jaso duten ikasleak.


Iturria: Oñati Irratia