Gripearen kontrako txertaketa kanpaina astelehenean amaituko da

2018/12/28
Card image cap
Anbulatorioa 17:00etan itxiko da

  Kanpaina hiru astez luzatu zuen Osakidetzak, baina azken data ere hurbiltzen ari da. Astelehenean amaituko da gripearen kontrako txertaketa kanpaina. Gabonetan gaude, astelehena, Urte Zahar eguna izango da, eta anbulatorioko ordutegia murritzagoa izango da. Aste honetan ere egin den bezala, datorren astelehenean, osasun etxea 8:00tatik 17:00tara irekiko da. Baina txertoa hartu nahi dutenek aurrez txanda eskatu behar dutenez, hitzordua ordutegi berezi horren barruan emango zaie.

  2018ko txertaketa kanpaina ohiko bidetik joan da gurean, eta azken asteetan txertatuen kopurua asko jaitsi den arren, urteroko estatistika betetzea espero da. Oñatira 2200 txerto dosi ekarri ziren kanpaina hasi bezperatan eta azkenak soilik geratzen dira anbulatorioan. Bakuna hartzea bereziki gomendatzen zaie 65 urte edo gehiago dutenei, gaixotasun kronikoren bat dutenei eta haurdun dauden emakumeei. Talde horietakoren bateko kide izan eta oraindik txertoa hartu ez dutenei, kanpaina astelehenean amaituko dela gogorarazi nahi zaie anbulatoriotik.

  Gripea goiz iritsi da aurten eta dagoeneko epidemia mailan dago Euskadin. Gipuzkoan izan du intzidentziarik handiena orain arte eta Oñatin ere antzematen da. Gripearen kontrako txertoak ez du gaixotasunaren kontra erabat babesten baina gaixotuz gero arinago pasatzeko bidea ematen du.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!