Gripearen kontrako txertaketa kanpaina abenduaren 31ra arte luzatu du Osakidetzak

2018/11/29
Orain arte 1800 txerto jarri dira anbulatorioan

  Kanpainak abenduaren 5era arte iraungo zuela jakinarazi zuten osasun arduradunek hasieran, baina epea luzatu eta abenduaren 31ra arte izango dela iragarri zen atzo.

  Oñatiko anbulatorioan 1800 bakuna inguru jarri dira kanpainaren lehen 5 asteetan eta 300en bat txerto dosi geratzen dira. Azken egun hauetan moteldu egin da bakuna hartzera hurbiltzen direnen emaria baina epea luzatuta, txerto gehiago beharko balira  ekarriko direla ziurtatu digu kanpainaren arduradunak. Gripea Oñatira oraindik ez dela iritsi ere esan digu. Gaixoren bat bai artatu dute baina banakakoak dira oraindik. Litekeena da ordea, Gabonen bueltan gaixo kopurua handitzea, hala gertatzen baita urtero.

  Gripearen kontrako txertoak ez du gaixotasunaren kontra erabat babesten baina gaixotuz gero arinago pasatzeko bidea ematen du. Horregatik, konplikatuz gero arazo gehien izan ditzaketen kolektiboei txertoa hartzeko gomendatzen zaie urtero: 65 urte edo gehiago dutenei, gaixotasun kronikoren bat dutenei eta haurdun dauden emakumeei. Gripearen txertoa hartzeko aurrez txanda eskatu behar da anbulatorioan.

Iturria: Oñati Irratia