Gripearen kontrako 1700nen bat txerto jarri dira Oñatin orain arte

2019/11/11
Card image cap
Lau aste dela hasi zen txertaketa kanpaina eta azaroaren amaierara arte luzatuko da

  Urteroko txertaketa kanpaina hau 65 urte edo gehiago duten herritarrei, gaixo kronikoei eta haurdun dauden emakumeei zuzentzen zaie bereziki baina osasun arloko profesionalei ere txertatzea gomendatzen zaie. Nagusienak izan ohi dira bakuna hartzeko ohitura barneratuen dutenak eta horiek dira, hain zuzen ere, Oñatin orain arte txertatu direnen artean ugarienak. Kanpaina hasi eta hilabete eskaxera, 1700 txerto inguru jarri dira jada, eta horietatik gehienak, 65 urtetik gorako herritarrei jarri zaizkie.

  Orain arte martxa oso onean doazela adierazi digu kanpainaz arduratzen den erizainak, eta iaz, garai berean baino bakuna gehiago jarri dituztela aipatu digu. Ohikoa denez, errefortzuko erizain bat ari da bakunak jartzen goizeko lehen ordutan. Baina gainontzeko erizainek ere kupoan dituzten pertsona nagusi eta gaixo kronikoei txertoa hartzeko egokitasuna azaltzen diete, eta hala nahi dutenei, txertoa kontsultan jartzen diete zuzenean. Dagokion erizainarengana kontsultara joateko edo gripearen kontrako txertoa soilik hartzeko, txanda aurrez eskatu behar da anbulatorioan.

  Kanpainaren arduradunak pozik daude esan bezala, Oñatin 2200 txerto inguru jartzen da urtero eta dagoeneko 1700 jarri baitituzte, kanpaina amaitzeko hiru aste falta direlarik. Hori bai, txertoa hartzea komeni dela gogorarazi nahi dute eta deia egiten diete 65 urte edo gehiago duten herritarrei, gaixo kronikoei eta haurdun dauden emakumeei gripearen kontrako txertoa hartu dezaten. Aurtengo kanpaina, azaroaren amaierara arte izango da.

Iturria:Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!