Oñatiko udala

Gripearen kontrako 1500nen bat txerto jarri dira orain arte anbulatorioan

2018/11/21
Card image cap
Orain lau aste hasi zen txertaketa kanpaina abenduaren 5a arte luzatuko da

  Urteroko txertaketa kanpaina hau 65 urte edo gehiago duten herritarrei, gaixo kronikoei eta haurdun dauden emakumeei zuzentzen zaie bereziki. Nagusienak izan ohi dira bakuna hartzeko ohitura barneratuen dutenak eta horiek dira, hain zuzen ere, Oñatin orain arte txertatu direnen artean ugarienak. Kanpaina hasi eta hilabete eskaxera, 1500 txerto inguru jarri dira jada, eta horietatik gehienak, 65 urtetik gorako herritarrei jarri zaizkie.

  Aurten 65 urte beteta txertoa lehen aldiz jarri behar dutenek nola erantzungo duten kezka izaten da urtero. Orain arte martxa onean doazela adierazi digu kanpainaz arduratzen den erizainak eta horretarako gripearen bakunarekin batera jartzen duten neumokoko txertoaz berba egin digu. Neumoniaren kontra babesten duen txerto hau 65 urtez gorakoei jartzen zaie baina behin bakarrik. Ez da gripearena bezala urtero berritu behar dela. Aurten, halako dexente jarri dituztela esan digute anbulatorioan, horrek pentsarazten du, gripearen txertoa lehen aldiz hartu duten lagunak direla gehienak.

  Aurtengo kanpaina hasi eta lehen jende uholdeari aurre egin ahal izateko errefortzuko erizain bat egon da soilik bakunak jartzen. Baina gainontzeko erizainek ere kupoan dituzten pertsona nagusi eta gaixo kronikoei txertoa hartzeko egokitasuna azaltzen diete, eta hala nahi dutenei, txertoa kontsultan jartzen diete zuzenean. Hala jarraituko da hemendik aurrera. Errefortzuko erizain hori beste lanetan hasiko da eta gripearen kontrako bakunak kontsultetan jarriko dira. Baina horretarako txanda aurrez eskatu beharko da, orain arte bezala.

  Kanpainaren arduradunak pozik daude, Oñatin 2200 txerto inguru jarri ohi da urtero eta dagoeneko 1500 jarri baitituzte, kanpaina amaitzeko 2 aste falta direlarik. Hori bai, txertoa hartzea komeni dela gogorarazi nahi dute eta horregatik, deia egiten diete berriro 65 urte edo gehiago duten herritarrei, gaixo kronikoei eta haurdun dauden emakumeei gripearen kontrako txertoa hartu dezaten. Aurtengo kanpaina, abenduaren 5era arte luzatuko da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!