Gripearen kontrako 1300 txerto jarri dira orain arte Oñatin

2016/11/14
Anbulatorioko erizainak hilaren 23an joango dira Olabarrietara auzoko nagusiak txertatzera

  Kanpaina hasi eta hiru astera jasotako datuak dira. Oñatira ekarri ziren  bakunetatik 1300 inguru jarri dira jada. Horietatik gehienak 65 urte edo gehiago duten herritarrei jarritakoak dira baina ez digute portzentajerik zehaztu. Osasun Zentrorik, datu orokorra helarazi digute. Gogoratu, Osakidetzak urtero abiatzen duen kanpaina hau lau kolektibo bereziri zuzenduta dagoela: 65 urte edo gehiago dutenei, gaixotasun kronikoren bat dutenei, emakume haurdunei eta lanbidez, arrisku berezia izan dezaketen profesionalei. Ez beraiek gaixotuta konplikazioak izateko arrisku gehiago dutelako baizik eta, harreman zuzena dutelako arazoak izan ditzaketen pertsona nagusi eta gaixoekin. Txertoa hartzeko txanda eskatu behar da.

  Gripearen kontrako txertoa urtero berritzea komeni dela gogorarazten da anbulatoriorik, gaixotasuna eragiten duen birusa oso aldakorra baita. Txertoak ez du gaixotasunaren kontra erabat babesten baina gaixotuz gero, arinago pasatzeko bidea ematen du. Urriaren 17an hasi zen gripearen kontrako aurtengo kanpaina eta abendu erdialdera arte edo, luzatuko da. Kanpainaren lehenengo hiru asteak pasata, Oñatin, 1300 bakuna jarri dira jada baina kopuru hori urruti dago azken urteetan jarri izan diren 2200 txertoetatik.

  Osasun Zentroko erizainek hainbat irteera programatu ohi dituzte urtero. Hala, txertaketa kanpainaren lehen egunetan Eltziako Lagun Leku elkartean eta Zubillagan izan ziren inguruko nagusiak bakunatzen. Olabarrietara berriz, datorren astean, hilaren 23an joango direla jakinarazi digute. Auzo alkatearekin adostuta, Olabarrietako elkartera joango dira eguerdiko 13.00etarako. Bertan txertoa hartu nahi duten auzotarrek, Osakidetzako txartela edo karneta eraman beharko dute.

Iturria: Oñati Irratia